Jesus Torquemada
Iruzkina
Kolonbiak Venezuelari begira eman du botoa
Jesus Torquemada
Venezuelako egoera ekonomiko eta politikoak eraginda, milaka venezuelar ari da erbestera jotzen, asko Kolonbiara. Hala, chavismoa ez da oso maitatua Kolonbian. Horrek azaltzen du Duqueren garaipena.
Kolonbiako hauteskundeen emaitza desberdina izango zen, segur aski, ondoan Venezuela ez balu. Kolonbian oso kezkatuta daude Venezuelan gertatzen ari denarekin. Hango egoera ekonomiko eta politikoak eraginda, milaka venezuelar ari da erbestera jotzen; eta Ameriketako Estatu Batuetara (AEB) edota Europaraino iritsi ezin dutenak, Kolonbiako muga ari dira gurutzatzen. Mugako inguruak gainezka egiten hasita daude Venezuelako iheslari denak ezin dituztelako hartu. Eta horrek denak eraginda, chavismoa ez da oso maitatua Kolonbian.
Gustavo Preto ezkerreko hautagaiari leporatu diote chavismoaren gertuko izatea eta Kolonbia Venezuelako sistemaren neurrira antolatu nahi izatea. Ez da salaketa bidezkoa, baina emaitza onak eman dizkie kontrarioei. Boto-emaile askok aitortu du Ivan Duque hautagai eskuindarraren aldeko botoa ematea beldurtu egiten zituztela, baina are eta gehiago beldurtzen zituela Petroren garaipenak.
Duquek agindu du Juan Manuel Santosek FARCekin hitzartutako bakea akordioak berraztertu egingo dituela. Eta horrek, benetan zaildu ditzake gauzak. Gerrillari ohi batzuek mehatxua egina zuten, Duquek irabaziz gero armak hartuko zituztela. Eta, hala eta guztiz ere, Duquek erraztasun handiz irabazi du. Venezuela ondoan edukitzeak bakarrik azal dezake garaipena.