albisteak
KOREAKO GOI-BILERA
Kronologia: Korea bien arteko harremanak onbideratzeko prozesua
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hauek dira 2018aren hasieratik distentsio prozesu horretan izan diren datarik aipagarrienak.
-
Kim Jong-un Ipar Koreako presidentea. Argazkia:EFE
Ipar Koreak eta Hego Koreak hamaika urtean egin duten lehen bilera egingo dute ostiral honetan. Urte hasieran hasi zen eta Piongchangeko Olinpiar Jokoetan gauzatu zen distentsio garai batean egingo dute bilera.
- Hauek dira 2018aren hasieratik distentsio prozesu horretan izan diren datarik aipagarrienak:
Urtarrilak 1.- Kim Jong-un Ipar Koreako liderrak Hego Korearekin elkarrizketak abiatzeko proposamena egin zuen Urteberri-egunean eman zuen hitzaldian, eta otsailean Neguko Olinpiar Jokoetara bere herrialdea ordezkariak bidaltzeko prest zegoela iragarri zuen.
Urtarrilak 2.- Ipar Koreako erregimenari erantzunez, Seulek maila goreneko goi-bilera proposatu zuen urtarrilaren 9rako, Ipar Koreak Olinpiar Jokoetan parte hartzeko aukera izatea aztertzeko.
Urtarrilak 3.- Ipar Koreak Hego Korearekin telefono linea berriz zabaltzea onartu zuen, 2016ko otsailean itxi ostean, bi herrialdeen arteko elkarrizketarako gogoa erakusteko.
Urtarrilak 4.- Seulek eta Washingtonek urtero elkarrekin egiten dituzten maniobra militarrak Olinpiar Jokoen osterako atzeratzea adostu zuten, bien arteko hurbilketa gertatzen ari zirela ikusita.
Urtarrilak 9.- Ipar Koreako eta Hego Koreako maila goreneko ordezkariek bi urtean egindako lehen bilera egin zuten Panmunjom herrixkan, bi herrialdeen arteko mugan. Bertan, inguru horretako tentsioa baretu eta Jokoetara begira elkarrizketa gehiago egitea adostu zuten.
Otsailak 4.- Korea bietako emakumezkoen izotz-hockey taldeak lehen partida historikoa jokatu zuen, 1991. urtetik lehenengoz.
Otsailak 8.- Ipar Koreako orkestra batek emanaldi historikoa eskaini zuen Seulen, erregimenaren aurkako kritika artean.
Otsailak 9.- Kim Yong-nam Ipar Koreako Batzar Goreneko presidentea eta Kim Yo-jong liderraren arreba eta aholkularia Seulera heldu ziren Ipar Koreak Neguko Olinpiar Jokoetara bidali zituen ordezkarien buru.
Otsailak 9.- Neguko Olinpiar Jokoak abiatu ziren, eta Korea bien arteko hurbilketa eszenaratu zuten, zeremonia hunkigarri batean bi herrialdeetako kideak bandera beraren atzean joan baitziren.
Otsailak 10.- Korea bietako gobernuen goi-mandatariek hamarkada bat baino gehiago elkarrekin bildu gabe eman ostean, Kim Jong-un Ipar Koreako presidenteak goi bilera bat “lehenbailehen” egiteko eskatu zion Moon Jae-in Hego Koreako presidenteari, Ipar Koreako ordezkariek Hego Koreara bisita egin ostean.
Martxoak 6.- Piongiangek eta Seulek akordio “ona” adostu zuten goi-bilera (hamaika urtean lehenengoa) egiteko. Lehen bilera apirilean egitea ere adostu zuten.
Martxoak 9.- Donald Trump AEBko presidenteak eta Ipar Koreako presidenteak goi-bilera historikoa egingo zutela iragarri zuten Washingtondik.
Martxoak 26.- Ipar Koreak atzera utzi zuen bakartze politikoa, Kim Jong-un Pekinera joanda Xi Jinping Txinako presidentearekin biltzera. Ipar Koreako liderraren debut diplomatikoa izan zen.
Martxoak 29.- Korea bietako ordezkariek apirilaren 27rako deitu zuten goi-bilera, Segurtasun Esparru Bateratuan, hegoaldean, Bakearen Etxea pabiloian egiteko.
Apirilak 1.- Penintsulan egoera politikoa lasaitzeko prozesuan murgilduta, Hego Koreak eta Ameriketako Estatu Batuek urteroko maniobra militarrak hasi zituzten bertan, hilabetetik gorako atzerapenarekin eta normalean baino profil txikiagoarekin.
Egun horretan bertan, Kim eta Ri Sol-ju emaztea Hego Koreako 160 artistak Piongiangen eskaini zuten kontzertura joan ziren. Hamar urtetan egin zen lehena izan zen.
Apirilak 18.- Korea bien arteko goi-bilerak Ipar Korearekin bake akordioa ekarriko duen esperantza agertu zuen Hego Koreak. Gaur egun bi herrialde horien artean dagoen gerra teknikoari amaiera jarriko lioke.
Apirilak 19.- Moonek azaldu zuenaren arabera,Ipar Korea desnuklearizazioa osatzeko prest dago, aurretik AEBko tropak Hego Koreatik erretiratzea eskatu gabe.
Apirilak 20.- Korea biek liderren arteko telefono linea zuzena jarri dute martxan goi-bilera izan baino astebete lehenago.
Apirilak 21.- Proba nuklearrak eta kontinentearteko misil probak bertan behera utziko dituela iragarri zuen Ipar Koreak, eta proba nuklearrak egiteko zentroa itxiko duela.