Itxi

albisteak

Metro Bilbao, 15 urte

Metroaren linea berrietan ez da gidaririk egongo

Erredakzioa

Tren berriak automatikoak eta txikiagoak izango dira, eta minuturo ibiltzeko aukera izango dute; hala ere, horrek ez du esan nahi sarritasun horrekin ibiliko direnik.

Metro Bilbaoko 3, 4 eta 5 linea berriak gidaririk gabeko tren automatikoekin ibiliko dira eta minuturo ibiltzeko aukera emango dute. Hori da Iñaki Prego Metro Bilbaoko ordezkariak metroaren 15 urteak direla eta, emandako datuetako bat.

Linea berriek (dagoeneko eraikitzen ari diren Bilboko iparraldekoa, Errekaldekoa eta Galdakaokoa) maila teknologikoan "aldaketa nabarmena" izatea du helburu Metro Bilbaok. Trenak automatikoak eta txikiagoak izango dira, eta “sarritasun handiagoa lortzeko aukera eskainiko dute”. Pregok azaldu duenez, “sarritasuna eskaeraren araberakoa izango da; eskaerarik ez badago, ez da minuturo egongo”.

Ordutegi zabalagoak

1. eta 2. lineen sarritasunari dagokionez, Pregok azaldu du seinaleztapenak ez duela bi minutu eta erditik jaistea ahalbideratzen; horixe da bidaiari gehien ibiltzen diren orduetan gaur egun dagoen sarritasuna. Hori dela eta, 22 trenetan 5. bagoi bat sartzea erabaki zuten, eta dagoeneko horrelako lau daude martxan.

Ordutegiak zabaltzeko aukerari buruz, Pregok jakitera eman du gai horren inguruan duela lau urte egindako txostenaren arabera eskaera “minimoa” dela. Gauero, metroa itxita dagoenean, 200 langile aritzen dira mantentze lanetan. Azaldu duenez, metroa egungo ordutegitik kanpo zabaltzeak urtero 10 milioi euroko kostua dauka.

Egunero 300.000 pertsona ibiltzen da Bilboko metroan. Bizkaiko garraio publikoen artean %50eko kuota lortu du Metroak, eta bere kostuen %80 autofinantzatzen du.