Itxi

albisteak

Elkarrizketa, eitb.com-en

Lucia Etxebarria:'Abertzale izateko arrazoi sentimentala ulertzen dut'

Bea Sever

Idazle madrildarrak ironiaz erantzun ditu gure galderak. Euskadiko dena maite duela aitortu digu eta, 162ko adimen kozientea duenez, idatzi, alaba zaindu eta posteatzeko astia ere baduela azaldu digu.

  • Lucia Etxebarria. Argazkia: Suckfromthecan.

    Lucia Etxebarria. Argazkia: Suckfromthecan.

Ama belgikarra duzu, familia bermeotarra, aitaren arbasoak irlandarrak, alaba erdi kanadarra... Horrek asko aberasten du, ezta?
Begira, nire aita abertzalea da eta nire familiaren zati handi bat ere bai; beraz, oso ondo ulertzen dut norbaitek Euskadin abertzalea izateko duen arrazoi sentimentala. Baina hainbeste mugitu naizenez, herrialde ezberdinetan bizi izan naizenez eta bost hizkuntza hitz egiten ditudanez, oso eszeptiko bihurtu naiz "nazio" edo "aberri" bezalako hitzekin. Bestalde, gutun astrala egin zidatenean asko bidaiatuko nuela eta beste herrialde bateko norbaitekin ezkonduko nintzela esan zidaten. Sagittarius naiz, goranzko Sagittarius eta ilargia Sagittariusen. Ezin bestela izan.

Zer da Bermeo zuretzat?
Nire gurasoen herria da eta hari lotuta haurtzaroko oroitzapen asko eta asko ditut. Oroitzapenik biziena nire lagun Leireren etxeko sotoan antxoak gatzetan jartzen genituenekoa da. Buruan oso grabatuta daukat: gatza, usaina, lagungarri izateko sentsazioa. Pena handia da jada inork ez duela etxean horrelakorik egiten.
Asko maite dut Bermeo, herri izugarri polita dela uste dut eta une ederrei lotuta daukat buruan.

Euskadira etortzen zara? Zer da gehien atsegin duzuna? Eta gutxien?
Astebururo joaten nintzen urte bat egon zen. Orain gutxiago joaten naiz arazo ezberdinak direla eta. Dena atsegin dut: janaria, paisaia, lasaitasuna. Ez zait gustatzen lau egun jarraian euritan ematen dituenean, baina aldaketa klimatikoa doan moduan, gero eta gutxiago gertatuko da hori, eta energiaren kontsumoa murrizten saiatzeko denak martxan jartzen ez bagara, Euskadi tropikala izango dugu laster.

Frantzian asko maite zaituzte. Esan liteke Lucia Etxebarria idazlea ikusten dutela, ez Lucia "gatazkatsua"?
Bai, hori da. Zuk esan duzu. Dena dela, Frantziak abangoardiako artista espainolak hartzeko tradizio handia dauka: Picasso, Braque, Buñuel, Almodovar... ni neu (kar-kar).

21 liburu eta gidoi 14 urtetan. Zelan duzu dena egiteko astia?
Hiperaktiboa naiz eta oso lo gutxi egiten dut. Eta batere ironiarik gabe erantzuten dizut. Eta 162eko adimen-kozientea daukat; eta oraingoan ere ironiarik gabe esaten dizut, txikitan eskolako test batean neurtu baitzidaten eta nagusitan, proba psikotekniko batzuetarako. Talentu aparteko pertsona gehienek asko sufritzen dute, ezin direlako talde lana egitera moldatu esaterako. Liburu paregabea dago: Alice Milleren Talentu aparteko haurraren liburua. Ahalmen handiko semea edo alaba duen edozein amarentzat irakurri beharrekoa dela uste dut. Talentu apartekoek bizitzan dena errazagoa dutela uste du jendeak, baina benetan, zailago daukate. Gizarte arriskuan dauden haurrak izan ohi dira, autoestimu gatazka ugari izan ohi dituzte, oso larriak izan daitezkeen emozio desorekak eta, gezurra badirudi ere, eskolan porrot egiten duten haurrak izan ohi dira, izan ere, hezkuntza sistema ez dago haur inteligenteentzat pentsatuta.

Eta oraindik ere blog batean idazteko tarte bat ateratzen duzu. Zer eskaintzen dizu blogosferak?
Ezagutu dudan promozio sistemarik onena da eta, batez ere, mainstream komunikabideak niri buruz gezurrak zabaltzen ibili direlako erabiltzen dut. Esaterako: neska batek nire maizterra izan zela eta nik jo egin nuela esaten zuela argitaratu zuen El Mundok. Inoiz ez zuen epaiketaren emaitza argitaratu. Bada, epaiketa ez zen egin fiskalak eskakizuna aintzat hartu ez zuelako; hau da, neskak gezurra esaten zuen. Komunikabideek nire liburuen kontra egin diren hainbat plagio salaketa ere argitaratu dituzte. Gauza bera erantzun behar diet beti: nire libururen batean plagioa probatu izan balitz, Espainiako legediari jarraituz, edizioa merkatutik kenduko zuten. Nire liburu guztiak berrargitaratuta daude eta hainbat hizkuntzatara itzuli dituzte. Ez dut besterik gaineratuko. Espainian gezur asko esaten da komunikabideetan. Eta legedia ikaragarri tolerantea da praktika horrekin.

Beti gustatu izan zaizkizu haurrak edo alaba izan zenuenetik izan da?
Izugarri atsegin ditut haurrak eta seme-alaba gehiago izan nahi ditut.

Maitasunari eta bikote harremanei buruz hainbeste idatzi eta gero, gai horretan aditua zarela esango zenuke?
Desengainu sentimentaletan aditutzat daukat neure burua.

Feminista, globalizazioaren aurkakoa, zezenketen aurkakoa, palestinarren defendatzailea... Zerk jartzen zaitu sutan une honetan?
Nire onetik ez ateratzen saiatzen naiz. Sinesten ditudan kausen alde egiten dut, baina lasai eusten diot, gene bermeotarrak ditudan arren (kar-kar). Sutan jartzeak ez dakar ezer onik. Ez badituzu gauzak manera onekin azaltzen besteek ez zaituzte ulertzen. Gainera, osasunerako oso txarra da. Ironiarik gabe esaten dut.

Pentsatzen duzuna esaten duzun gutxienetarikoa bazara ere, oraindik erakargarria zara komunikabideentzat. Zaila da komunikabideetan agertzea, asko salduta ere, politikoki desegokia izanda. Zer ematen diguzu?
Oso polita naizelako izango da (kar-kar). Orain benetan. Ez dakit zergatik den, baina komunikabideek pertsonaia batzuk aukeratzen dituzte eta beste batzuk ez. Dena den, ni ez naiz komunikabide askotan agertzen. Bi egunkaritan egiten dut lan eta noizean behin  La Radio de Julia saioan kolaborazioak egiten ditut, baina ez naiz telebistan agertzen eta inoiz ez dut nire bizitza pribatuari buruz hitz egiten.

Nadal saria, Primavera saria, Planeta saria... Zer dator ondoren?
Nobel saria. Ai ene, hori ez, Vargas Llosari eman diote; a zer burua! Orain benetan, berriz ere ironiarik gabe, nire bizitzaren saririk onena nire alabaren, nire bikotekidearen eta nire lagunen maitasuna da.

Zure liburuen promozio garaia gorroto duzu, baina, zelan aurkeztuko zenituzke bestela?
Bada, nire ordez promozio birak eta elkarrizketak egitera bidaltzeko alter ego bat izan nahi nuke. Nire antza duen eta lan horretan interesa duen euskal aktorerik baldin badago, web honen bidez jar daiteke harremanetan nirekin.