Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

UNESCO eta palestinarrak

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

Donald Trumpek esan zuenean "Lehenbizi, Estatu Batuak", zera gehitzea ahaztu zitzaion: "Bigarren, Israel". UNESCO uztea erabakita argi geratu da hori.

Donald Trumpek esan zuenean "Lehenbizi, Estatu Batuak", zera gehitzea ahaztu zitzaion: "Bigarren, Israel". Agerikoa zen Trumpek oso begiko zituela israeldarrak, eta bat ere ez palestinarrak; baina orain erakutsi du Estatu Batuetan azken hamarkadetan izan diren presidenteen artean Israelen aldeko jarrerarik argiena edukitzeko bidean dela. Estatu Batuak UNESCOtik ateratzeko erabakia kulturaz eta hezkuntzaz arduratzen den Nazio Batuen Erakunde horren kontra jotzeko mendekua da, duela bost urte Palestina onartzeagatik. Obamak orduan eman zuen erantzuna UNESCOri kuotak ordaintzeari uztea izan zen. Trumpek urrats bat gehiago eman du, eta erakundetik irten da Israelekin elkartasunean.

Eta hain justu, hau gertatu da palestinarrek urrats oso garrantzitsua eman dutenean batasun nazionalerantz. Al Fatahk eta Hamasek, Palestinako bi alderdi nagusiek, akordioa lortu dute Gaza gobernu palestinarraren kontrolpean gera dadin. Duela 10 urte, bi alderdiek elkarren aurka egin zuten gerra zibil txiki batean, eta geroztik Hamasek Gaza kontrolatzen zuen, eta Al Fatahk, Zisjordania. Orain, Egiptoren bitartekaritzari esker, bakeak egin dituzte. Hori, agerikoa da, ez zaio gustatzen Israeli, oso ondo baitatorkio palestinarrak zatituta mantentzea, lurraldeak kentzen jarraitzeko.