kirolak
Elkarrizketa, eitb.com-en
Javier Clemente: 'Diasporako jokalariak nik bai fitxatuko nituzke'
Bea Sever
Kamerungo hautatzaile berria elkarrizketatu dugu. Athleticeko presidente izateko hautagai aurkeztea pentsatu izan duela aitortu digu, baita lau urte barru erretiroa hartzeko asmoa duela ere.
-
Javier Clemente
Aspaldi honetan Barakaldotik ikusten zaitugu berriro. Etxera itzuli al zara?
Ez, etxera itzuli ez, inoiz ez naiz joan eta. Baina, tira, ama ikustera joaten naiz Barakaldora eta, batzuetan, zenbait lagunekin egotera. Gertatzen dena zera da, orain gehiago nagoela hemendik, baina hemendik aurrera huts egiten hasiko naiz, Kamerunera joan behar dut eta. Baina hemen nagoenean beti saiatzen naiz familia ikusten.
Hasi zara Kamerunen entrenatzen?
Bai, hasi naiz, bai.
Zer moduz? Beldurra? Ilusioa? Oso ezberdina da?
(Kar-kar-kar) Beno, ezberdina da; nik lan egiten dudanean ilusioa izaten dut beti. Beti izaten ditut gauzak egiteko, eta jendeak hobetzeko gauzak, eta beste inor hobetzeko lan egiten denean, saiatu beharra dago. Horregatik nago ilusionatuta, besteak hobetzen ikusteko. Hori izan da beti nire helburua. Athleticen nengoenean, Athleticeko mutilak hobetzen ikusi nahi nituen, eta orain, beste leku batean nagoela, entrenatzen ditudan mutilak hobetzen ikusi nahi ditut.
Zergatik maite zaituzte hainbeste Bilbon?
Beti busti naizelako Bilbogatik eta gauzak argi eta garbi esan dizkiet beti, inoiz ez ditut engainatu.
Hala ere, Zarautzen bizi zara duela urte batzuk, zergatik Zarautzen?
Bai, beno, Zarautz eta Bilbo artean bizi naiz. Baina, tira, batez ere, Zarautzen egiten dut lo. Zazpi egunetatik, bost Zarautzen eta bi Bilbon. Baina lasaiago nagoelako.
Lesio harengatik izan ez balitz, jokalari moduan urrun iritsiko zinela esaten duten askok. Zer uste duzu zuk?
Ez dakit, ez dakit. Jokatzen nuenean dena eman nuen Athleticen alde, hanka eman nuen Athleticengatik, hanka eman nuen Athleticengatik, eta bukatu zitzaidanean, entrenatzaile egin nintzen Athleticengatik eta dena eman nion Athletici. Eta orain, Athleticengatik zerbait egiteko aukera dudan bakoitzean, egin egiten dut. Baina kontua da Athleticek ez duela beti besteengatik ahal duena egiten.
Beti esaten duzu Athletic bihotzean daramazula, Athleticeko hauteskundeetara aurkeztea pentsatu duzu inoiz?
Pentsatu dut, bai, baina oraingoz uste dut ez zaidala unea iritsi. Oraindik ez dut inoiz egin. Baina presidenteen lana beste modu batera ikusten dut, ez gaur egungoek legez. Beraz, neure burua Athleticeko presidente izateko aurkeztuko banu, Athleticek gaur egun daukan egitura guztiz aldatzeko izango zen. Dena dela, ez dakit horretarako prest egongo nintzatekeen eta jendeak gustuko izango lukeen nik imajinatzen dudan moduko Athletic bat ikustea.
Adibidez, presidentea izango bazina, diasporako jokalariak fitxatuko zenituzke?
Ez, ez, ez. Kanpokoak diozu? Atzerritarrak?
Bai, beno, argentinarrak, esaterako, aitona-amona euskaldunak dituztenak...
Bai, bai, nik horiek bai. Bai, horiek fitxatuko nituzke.
Athleticen egon zinen azken denboraldian, Julen Guerrero berreskuratzearen aldekoa izan zinen?
Beno, ni Athleticen egon nintzenean ez zitzaidan bururatu Julen Guerrerori baja ematea. Jokalari erabilgarria izan zen taldearentzat. Hori ni egon nintzen azken urtean izan zen. Gero, hurrengo urtean, kanporatu egin zuten. Baina nik horretaz ez dakit ezer. Nirekin Julenek beti konplitu du.
Zergatik daude hainbeste jokalari nafar Athleticen? Nekazaritza giroko herri asko izanik, bertan gehiago jokatzen dutelako futbolean, akaso?
Ez. Nafarroan ondo egiten dutelako. Nafarroan ondo ari dira lanean, eta bertan ondo ari direnez, eta gure merkatua Euskadi denez, Nafarroan lanean ondo ari direnak dira. Egin behar duguna da bizkaitarrak bultzatu; Athleticen gehiago daude Bizkaitik kanpokoak bizkaitarrak baino, eta Athleticen oinarrizko nortasuna Bizkaia izan da beti. Baina hori aldatzen ari da.
Zer sentitu zenuen Espainiako selekzioak irabazi zuenean?
Ni asko poztu nintzen. Ni Espainiako futbolekoa naiz, Espainiako futbolekoa eta euskal futbolekoa, noski. Eta Athleticeko jokalariak ere Espainiako futbolekoak dira, eta euskal futbolekoak, eta Espainia txapelduna izatea, nire ustez, guzti-guztiontzat da ona. Baina ona, oso ona. Ona da Athleticentzat eta ona, futbol munduan sartuta gauden guztiontzat. Beraz, nik uste dut gauza zoragarria izan dela.
Pentsatu duzu noiz hartuko duzun erretiroa?
Pentsatu dut, baina ez dakit egingo dudan. Lau urte barru erretiroa hartzea pentsatu dut.
Eta zer egingo duzu ondoren?
Bada, gero, paseatu eta haizea hartu. Eta ilobak hazten ikusi eta kazetariren batekin hitz egin futbolaz, ikusten ari naizenaz, antzinako garaiaz, ordurako profesionala ez banaiz... Baina, oraingoz profesional moduan lau urte geratzen zaizkit; beraz, orain profesional moduan hitz egiten dut, ez dut jarraitzaile arrunt moduan hitz egiten.
Eta ondoren, aitona moduan ibiliko zara, ilobak paseatzen eta horrelakoak egiten?
Ez, aitona... aitona ona izatea zaila da, zaila da. Baina, tira, aitona naiz eta, beraz, saiatu egingo naiz ahalik eta aitona onena izaten nire ilobentzat.