Itxi

albisteak

Fiskalitatea

Gobernuak PFEZ zerga igoko die 120.000 eurotik gorako soldata dutenei

Erredakzioa

2011ko Aurrekontu Orokorren Lege proiektuan sartuko dute neurria eta errenta altuenei % 43tik gorako tasa ezarriko diete. Ostiralean emango dituzte zerga aldaketaren inguruko xehetasunak.

Espainiako Gobernuak eremu berri bat ezarriko du Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan urtero 120.000 edo 130.000 euro baino gehiago irabazten dutenentzat, eta % 43tik gorako tasa (orain arteko maximoa) ezarriko diete, Gobernuko iturriek jakinarazi dutenez. Neurria 2011ko Estatuko Aurrekontu Orokorren Lege proiektuan sartuko dute.

Aipatu iturriek ez dute baztertu datorren urteko aurrekontuetan beste zerga aldaketaren bat izatea. Hala ere, ez dute zehaztu tasa berria % 45ekoa izango den ala hortik gora jarriko duten.

Jose Luis Rodriguez Zapaterok onartutako azken zerga erreformarekin, PFEZ bost eremutan banatu zuten: % 24ko tasa ezarri zieten 5.050 eta 17.360 euro arteko errentei, % 28koa 17.360 eta 32.360 euro artekoei, % 37koa 32.360 eta 52.360 euro artekoei, eta kopuru horretatik gora irabazten dutenei % 43koa.

Gobernuak 2011ko Estatuko Aurrekontu Orokorren proiektua ostiralean onartuko du eta orduan emango dituzte zerga igoeraren inguruko xehetasunak, izan ere, hainbat aukera ari dira aztertzen.

Dena dela, Elena Salgado ekonomia presidenteordeak behin baino gehiagotan esan du neurriak ez duela zerga-bilketan eragin handia izango, errenta hain altua dutenak ez direlako asko.

2008ko datuetan oinarrituta, 120.000 eurotik gorako errenta deklaratu zutenak 165.638 pertsona izan ziren Espainiako Estatuan, deklarazioa aurkeztu zutenen % 0,9.

Ez da aldaketa handirik izango

Gaur goizean, Elena Salgadok esan du datorren urteko Aurrekontu Orokorretan ez dela "zerga aldaketa garrantzitsurik egongo". Presidenteorde ekonomikoak, hala ere, onartu egin du errenta altuenek "doitze txikiren bat" izango dutela.

Salgadoren ustez, ahalmen handiagoa dutenak defizita murrizten laguntzeko prest azalduko dira. Horren harian, Aurrekontuen balizko aldaketa fiskalak Goiko Ganberara iristen direnean, babesa emateko eskatu dio Alderdi Popularrari.

Horrez gainera, defizita murrizteko zergetan egindako aldaketa garrantzitsuenak iaz onartu zirela gogorarazi du Salgadok. Aldaketa horiek dagoeneko emaitza onak eman dituztela gaineratu du, izan ere, bere esanetan, Estatuaren defizita erdira jaitsi da urtea hasi zenetik.

Luisa Fernanda Rudi PPko diputatuak, bere aldetik, Salgado kritikatu du "norabiderik gabeko politika" egiteagatik eta Aurrekontuen lege aurreproiektua uztaileko azken Ministro Kontseiluan ez aurkezteagatik.