Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

Liskarrak Europar Batasunean, errefuxiatuen kontura

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

Poloniak, Hungariak eta Txekiak ez dute errefuxiatu bakar bat ere hartu. Larria da, Europar Batasuneko hiru kidek ez dutelako Batasunak erabakitakoa betetzen.

Europar Batzordeak espedientea zabaldu die Poloniari, Hungariari eta Txekiari errefuxiatuei harrera ez egiteagatik. Europar Batasunak 2015eko irailean erabaki zuen Italiara eta Greziara iritsitako 160.000 errefuxiatu hartuko zituela, bi herrialde hauek zuten etorkin presioa banatzearren. Inork ez ditu ezarritako kuotak bete. Espainiak esaterako, hartu beharreko 9.000 errefuxiatuetatik 900 besterik ez ditu hartu. Malta, Portugal, Finlandia, Luxenburgo eta Baltikoko errepublikak dira hitzemandako zifretara gerturatzen diren bakarrak.

Hungaria, Polonia eta Txekiarena,baina, eskandalagarria da: ez dute errefuxiatu bakar bat ere hartu, eta gainera, behin eta berriz esan dute ez dutela egingo, Europar Batasunaren betebeharreko xedapenari desafio eginez. Gaia larria da, eztabaidatzen ari dena ez baita errefuxiatuekiko politika. Ez da eztabaidatzen ari politika hori zuzena den ala ez, errefuxiatu gehiago hartu behar den ala, edota Europar Batasunak arazoa konpontzeko gehiago egin behar duen ala ez. Gertatzen ari dena da Europar Batasuneko hiru kidek ez dutela Batasunak erabakitakoa betetzen. Azken batean, ez dute Italiarekiko eta Greziarekiko elkartasun eginbeharra betetzen.