Jesus Torquemada
Iruzkina
Trump hasi da paperik gabekoak kanporatzen
Jesus Torquemada
Oraindik amorratuta dago musulmanei AEBn sartzeko debekua indarrean jartzea galarazi diotelako. Hortaz, barruan dauden atzerritarrekin hartu nahi du mendekua.
Agindutakoa bete egingo duela erakutsi nahian ari da Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidentea. Oraindik amorratuta dago zazpi herrialde musulmanetako herritarrak AEBn sartzeko debekua indarrean jartzea galarazi diotelako epaitegiek. Hortaz, eta kanpoko atzerritarrei mugarik jarri ezin dienez, barruan dauden atzerritarrekin hartu nahi du mendekua. Trumpen azken dekretu honek etorkin asko eta asko kanporatzea ahalbidetuko du, latino-amerikarrak dira gehienak, mexikarrak batez ere.
Argitu ditzagun kontuak: Estatu Batuetan beti kanporatu izan dituzte paperik gabeko pertsonak: Obama "Santuaren" zortzi urteko agintaldian hiru milioi lagun izan ziren. Baina Trumpek kopuru hori erraz beteko du hiruzpalau urtetan.
15.000 mugazain kontratatzea agindu du eta, dekretu berria eskuan, polizia horiek erabakiko dute nor kanporatu eta nor ez. Beste presidenteek ez bezala, Trumpek ez ditut deportatuak ezkutatu nahi. Aitzitik, erakutsi egin nahi ditu kaleratzeak: bere zirkuko ikusleek txalotuko duten ikuskizun bihurtu nahi ditu.