Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

Twitterren presidentea

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

Txio kolpeka gobernatuko du Trumpek. Bide hori erabilita esan dio Peña Nieto Mexikoko presidenteari zuten bilerara ez agertzeko.

Donald Trumpek diplomaziaren funtzionamendu normala zartarazi du. Enrique Peña Nieto Mexikoko presidentea behartu du Washingtonera egitekoa zuen bisita bertan behar uztera, eta txio bidez egin du, gainera. "Ez azaldu hemen", esan dio, eta Peñak ez du beste erremediorik izan: ez doala esan du.

Muga egiten duten bi herrialderen arteko gatazka dagoenean, ohikoa da enbaxadoreekin kontsulta egitea, Atzerri ministroek elkarrekin hitz egitea, eta gero, presidenteek erabakitzea. Hori amaitu da Trumpekin. Txio kolpeka gobernatuko du, bururatzen zaion lehenbizikoa esanez eta inori galdetu gabe.
Eta, gainera, ez da ari Etxe Zuriaren Twitter kontu ofizialetik (@POTUS), bere kontu pertsonaletik baizik (@realdonaldtrump).

Estatu Batuetako presidente berriak behin eta berriz esan du Mexikok mugako harresia mexikarrek ordainduko duela. Nola? Sean Spicer bozeramaileak aurreratu du: Mexikotik datozen inportazioei % 20ko aduana zerga ezarrita. Baina hori ezin du egin, Mexikorekin eta Kanadarekin sinatutako merkataritza itunaren guztiz kontra doalako. Beraz, agerikoa da Trumpek hitzarmen hori bertan behera utzi nahi duela. Edozein egunetan iragarriko du, txio batean.