Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

Barack Obama, ona bai, baina ez hainbeste

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

Orain arte presidente izandakoak txalotzeko moduko gauzak egin ditu atzerri politikan. Baina ez, ez zuen merezi Bakearen Nobel Saria.

Barack Obama presidente on bezala gogoratuko dugu, egindakoa orokorrean begiratuz gero eta ahaztuz gero, adibidez, Guantanamo ez duela itxi. Obama iritsi zenean, mundua oso tenkatuta zegoen, George Bush bere aurrekoak piztutako suengatik: Irakeko eta Afganistango gerrengatik, besteak beste. Obamak tentsio hori baretzea lortu zuen lehen agintaldian. Bigarrengoan, tentsioak goia jo du Siriako gerragatik, baina ezin zaio Obamari erantzukizun zuzenik leporatu. Ez behintzat Bushek Iraken izan zuenaren tamainakorik.

Obamak 50 urteko konfrontazioa amaitu eta harremanak berreskuratu ditu Castroren Kubarekin. Ados jarri da Iranekin, 30 urte luzez etsai izandakoarekin.
Klima aldaketari aurre egiteko neurriak hartu ditu. Keinu garrantzitsuak egin ditu; Hiroshimara bisita egitea, adibidez. Eta oso berandu izan bada ere, onartu du Nazio Batuek Israel gaitzestea lurralde palestinarrak okupatzeagatik. Obamak txalotzeko moduko gauzak egin ditu atzerri politikan. Baina ez, ez zuen merezi 2009an, Etxe Zurira iritsi orduko korrika eta presaka eman zioten Bakearen Nobel Saria.