Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

Obamak egin du zerbait, baina ez den-dena

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

Bushen garaiaren ostean, Obama ia-ia santu modura jaso zuten, mirariak egitera zetorren santua. Eta mirariak ez ditu egin.

Barack Obama Estatu Batuetan jardunean den presidenteak atzo Chicagon egindako hitzaldian azken zortzi urteetan lortutakoak goraipatu ditu. Eta egiari zor, lorpen horiek ez dira gutxi izan: atzeraldi ekonomikoaren amaiera, osasun sistema berria, sexu bereko pertsonen arteko ezkontza eskubidea, Kubarekin hasitako aro berria, Iranekin harremanen hobetzea….

Hitz emandako beste gai batzuk, ordea, ez ditu bete, bereziki Guantanamo espetxearen ixtea. Baina Obamak aurkakoa esan badu ere, tamalgarriena da Estatu Batuetako gizarteak ez duela hobera egin. Horren adierazle dira Trumpen garaipena eta arrazakeriaren irautea. Lehen presidente beltzaren agintaldian, Poliziak hildako beltzen kopuruak nabarmen egin du gora.

Obamaren presidentetzaren balorazioa egiterakoan arazo handi bat dago: itxaropenak handiegiak ziren. Bushen garaiaren ostean, Obama ia-ia santu modura jaso zuten, mirariak egitera zetorren santua. Eta mirariak ez ditu egin. "Bai, egin dezakegu", bere leloak esaten zuen bezala, zerbait egin litekeela erakutsi du, baina ez den-dena.