Jesus Torquemada
Iruzkina
Frantzia: Ezkerrak eskuineko hautagaia aukeratu du
Jesus Torquemada
Sarkozyk galdu egin du. Porrota ezkerrak erabaki du, nazka gutxiago ematen dion hautagai baten alde egin baitu.
Frantziako eskuinaren primarioak Nicolas Sarkozyri buruzko erreferenduma ziren. Eta Sarkozyk galdu egin du. Ez da berriz Frantziako presidente izango. Helburu hori zuen duela 3 urte politikara itzuli zenean. Badirudi bazuela Alderdi Errepublikanoaren, Frantziako eskuinaren alderdiaren, babesa baina horiek 200.000 militante besterik ez dira, eta barne hauteskunde hauetan lau miloi frantziarrek parte hartu dute.
Eskumakoek nahiago izan dituzte hautagai moderatuagoak, Fillon eta Juppe, nahiz eta hiruren programen artean ez dagoen alde handirik. Baina Sarkozy kanporatzea erabaki dutenak, ziurrena, ezkerzaleak izan dira. Primario irekiak izan dira, edozeinek eman zezakeen botoa, ez zegoen, beraz, eskuindarra izan beharrik. Ezkerrekoek nahiago izan dute Sarkozyk baino nazka gutxiago ematen dien eskuineko hautagaia aukeratzea, badaezpada, datorren urtean eskuineko hautagai horren alde egin behar izatekotan, Le Pen ultraeskuindarrari bidea ixteko.