Itxi

Jesus Torquemada

Iruzkina

Atzetik ditu Hillaryk Billen eskandaluak

Jesus Torquemada

Jesus Torquemada

Eskandalu horiengatik izan ez balitz, Hillary Clintonek Donald Trump txikitu ahal izango zukeen bart gaueko debatean.

Oraingoan bai. Oraingoan, senarraren sexu eskandaluek kalte egin diote Hillary Clintoni. Duela 20 urte, Bill Clinton presidente zenean izandakoek.
Hiru emakumek salatu zuten orduan Clinton, abusuak egiteagatik. Eta Monica Lewinskyren kasu sonatua ere gertatu zen. Lewinskyk ez zuen  presidentearen kontrako salaketarik jarri, baina oihartzun gehieneko kasua izan zen. Eskandalu horiengatik izan ez balitz, Hillary Clintonek Donald Trump txikitu ahal izango zukeen bart gaueko debatean.

Donald Trumpen bideoak soberan erakutsi du, dagoeneko garbi ez bazegoen, hautagai errepublikanoak zenbateraino gutxiesten dituen emakumeak. Hillary Clintonek, jakina, etekina atera dio bideoari eztabaidan, baina Trumpek kontraerasoan erabili ditu Billen eskandaluak, eta gonbidatu gisa eraman ditu telebista platora salaketa aurkeztu zuten emakumeak. Horrek ahuldu egin du Hillaryren erasoa.

Era guztietara, Billen eskandaluek, ia-ia Presidentetza galdarazi zioten horiek, ez diote errurik kentzen Trumpi. Emakumeei buruz esandako astakeriek nahikoa behar lukete hauteskunde lehiatik kanpo uzteko, baina oraingoz, bigarren eztabaidatik bizirik atera da.