Itxi

albisteak

Katalunia

ERC eta CDCko kideen izena zikintzeko elkarrizketak kaleratu dituzte

Agentziak | Erredakzioa

'Público' egunkariak eman ditu ezagutzera elkarrizketak. Polizia Nazionalak ikerketa ireki du elkarrizketak nork grabatu zituen argitzeko.

  • Fernandez Diazen artxiboko irudia. Argazkia: EFE

    Fernandez Diazen artxiboko irudia. Argazkia: EFE

Polizia Nazionalak ikerketa abiatu du Jorge Fernandez Diaz Espainiako Gobernuko Barne ministroak eta Daniel de Alfonso Kataluniako Iruzurraren aurkako Bulegoko zuzendariak izan zituzten elkarrizketak nork grabatu zituen argitzeko. Fernandez Diazek berak eman dio ikerketa abiatzeko agindua Jose Santiago Sanchez Aparicio Polizia Judizialeko komisario orokorrari, horren ingurukoak argitzeko, Barne Ministerioak baieztatu duenez.

'Público' egunkariak eman du elkarrizketa horien berri astearte honetan. Grabazio horretan, jarduneko Barne ministroa eta Kataluniako Iruzurraren kontrako Bulegoko zuzendaria Kataluniako bi alderdi soberanista handietako buruen izena zikindu edo horiei prebarikazioa egozteko moduaz entzun daitezke hizketan.

Informazio horren arabera, ERCren inguruko kontuak ikertzeaz aritu ziren Fernandez Diaz eta De Alfonso. Besteak beste, alderdiko buruaren (Oriol Junqueras) anaiarekin lotutako enpresa bat izan zuten hizpide.

Dirudienez, elkarrizketa horiek 2014an izan ziren, azaroaren 9ko galdeketa egin baino aste batzuk lehenago.

ERCk eta CDCk jarduneko barne ministroaren dimisioa eskatu dute. Jarduneko ministroaren esanetan, berriz, salaketa hori ‘ofentsa’ oso larria da, eta Kataluniako Iruzurraren aurkako Bulegoko zuzendariaren hitzetan, ‘faltsua’ da Barne Ministerioko buruarekin konspiratu izana.

CUP alderdiak ere eskatu du bi kargudun horien dimisioa.