Itxi

kultura

Akordioa

EITBk eta Tabakalerak elkarlanerako hitzarmena sinatu dute

Erredakzioa

Hiru jarduera ildo jorratuko dituzte: komunikazioa eta publizitatea, euskarri eta formatu berrien garapena eta aholkularitza teknologikoa

Etorkizunean elkarrekin proiektuak garatzeko esparru-akordioa sinatu dute gaur goizean EITBk eta Tabakalerak. Prentsaurrekoa egin dute akordioa sinatu aurretik eta bertan izan dira, Joxean Muñoz, Tabakalerako Zuzendari Orokorra eta Alberto Surio, EITBko zizendari nagusia. Azken hilabeteotan elkarrekin egindako lanaren ondorio da hitzarmen hau, bertan jakitera eman dutenez. Hiru jarduera ildo jorratzeko konpromisoa hartu dute: komunikazioa eta publizitatea, euskarri eta formatu berrien garapena eta aholkularitza teknologikoa. Gaur sinatutako akordioa urte batez egongo da indarrean, eta 2013eko abendua arte berritu ahal izango dute, urtean-urtean.

Bi zuzendariek azaldu dutenez, erakundeen arteko lankidetza ez da orain jaio, baina gaur egindako sinadurari esker lan horretan sakontzeko ateak irekiko dira. Helburua ikus-entzunezko edukiak sortu eta hedatzea da.

Muñozen esanetan, akordioak lotura handiagoa sortuko du Tabakaleraren eta EITBren artean. Orain arte Euskal Irrati Telebistaren babesa izan du Tabakalerak bere proiektu kulturala zabaltzeko, eta, Muñozek gogoratu duenez, esparru horretan ikus-entzunezko arloa giltza da. Publizitate arloko lankidetza indartzeaz gain, Donostiako kultura zentroak erakunde publikoaren aholkularitza teknologikoa izango du, eta artxibo, dokumentazio eta ikus-entzunezkoen mailan ere lankidetza suspertuko dute. Izan ere, Euskal Filmategiarekin batera, EITB da egun Euskadin dugun material zinematografikoaren zatirik handiena duena.

Suriok, bestalde, Tabakaleraren eta EITBren arteko ''''elkar-ulertzea'''' azpimarratu du. Kontsumo ohituretan zein euskarrietan aldaketak gertatzen ari diren momentu honetan ''''elkarrekin lan egitearen beharra'''' gogoratu du Euskal Irrati Telebistako zuzendariak.