Jesus Torquemada
Iruzkina
Frantziako sindikatuen eginkizun unibertsala
Jesus Torquemada
Frantziako langile askok uste dute erantzukizun unibertsal moduko bat dutela, nahikoa makurtu direla globalizazioaren inposaketetara.
Lan erreforma dela eta, Frantziako Gobernuaren eta sindikatuen arteko borroka muturrerainokoa izango da. François Hollandek argi utzi du ez duela atzera egingo,inolaz ere. Sindikatuek, berriz, legea bertan behera utzi arte borrokan jarraituko dutela erantzun diote. Egunero sektoreren batean lanuzteak egiten dituzte, eta denen ahotan greba orokorra deitzearen aukera geroz eta ozenago entzuten da. Garraioetako sindikatuek dagoeneko esan dute Eurokopa egunetan greba deialdia egitea aztertzen ari direla. Egunero daude manifestazioak Frantzian, eta ez Parisen soilik, Nantes edo Tolosa bezalako hiriek azaldutako borrokarako grinak ere atentzioa eman du.
Gatazkak irtenbide zaila du. Gobernuaren esanetan, lan erreforma beharrezkoa da Frantziako enpresen lehiakortasuna mantentze aldera, eta erreforma indarrean sartzen ez bada, lanpostu asko galduko direla azpimarratu du. Sindikatuek diote hori betiko kontua dela, eta lan erreformek ez dutela zertan langabeziaren behera egitea bermatzen, horren adibide Espainiaren egoera jartzen dute. Frantziako langile askok uste dute erantzukizun unibertsal moduko bat dutela, nahikoa makurtu direla globalizazioaren inposaketetara. Eurek amore ematen badute, auziak ez duela balaztarik izango.