Jesus Torquemada
Iruzkina
Brasil: legezkoa, batzuetan, arraroa da
Jesus Torquemada
'Impeachment'a Konstituzioan jasota dago, baina arraroa da hain kontu txikiagatik hain larria den erabakia hartzea.
"Dena legezkoa, dena legezkoa" esaten zuen Alaves futbol taldearen presidente izan zen Pitermanek. Eta hain zuzen, legezkoa da, Brasilgo Diputatuen Ganberak, Dilma Rouseff presidentearen kargugabetze prozesua hastea, Konstituzioan aurreikusita baitago. Gauza bera gertatu zen 1992an, orduan presidente zen Fernando Collor de Mello iruzur-kasu batengatik kargugabetu zutenean. Beraz, ez da estatu kolpe bat Rousseffek eta bere jarraitzaileek aldarrikatzen duten bezala.
Dena den, arraroa da hain larritasun handiko erabakia horrelako kontu txikiagatik hartzea. Rousseffi leporatzen zaio defizit publikoa mozorrotzeko kontabilitate-mugimenduak egin izana, baina hori beste hainbat presidente brasildarrek eta mundu osoko gobernuek egin ohi duten zerbait da. Gogoratu bestela Grezian Kostas Karamanlisen garaia.
Rousseffi ez zaio iruzurra leporatzen. Hala ere, iruzurra eta dirua zuritu izana leporatuta dagoena, eta Suitzan kontu bat zuena Eduardo Cunha da, Diputatuen Ganberako presidentea eta Rousseffen kontrako epaiketa politikoaren bultzatzaile nagusia. Beraz, hau guztia legezkoa izango da, baina oso arraroa da.