Reala
Igandean, 17:00etan
Reala-Numantzia: Aldaketak izango dira hamaikakoan
Ander Altuna
Zubieta
Zurutuzak eta Johnatanek tokia izan dezakete hasierako taldean. Prietoren itzulera, aldiz, ziurtzat jotzen da.
Huescako neurketatik ondorio positiboak atera zituen entrenatzaile taldeak. Emaitzaz (irabazi ez arren, puntu tartea mantentzeko balioa izan zuen) eta Prietoren berragerpenaz aparte, beste izen propioak Zurutuzarenak eta Johnatan Estradarenak izan ziren. Lehenbizikoa osatu da eta jokatzeko prest dago. Konfiantza osoa du bere eginahalean Lasartek eta hasierako taldera itzul daiteke igandean. Bigarrenari dagokienez aldiz, baliagarria izan daitekeela erakutsi zuen. Ez da gutxi, orain arteko bere errendimendua hutsaren hurrengoa izan baita. Biek ala biek hitz egin dute gaur Zubietako prentsa aretoan.
Zurutuzarentzat Numantziaren kontrakoa, "ez da partida itxia izango. Puntuen faltan gaude bi taldeak eta gu behintzat, golaren bila atera behar gara beldurrik gabe". Hendaiarrak gaineratu duenez, "konfiantza berreskuratzeko garrantzitsua izango da. Joko aldetik ez gara fin aritu azken boladan, baina etxean neurketa onak egindakoak gara goiko pustuetan dauden taldeen aurka".
Estradak bestalde, dio "eroso" sentitu zela Huescan eta berarentzat gauzak okertu arren ez duela burua makurtu inoiz makurtu. Hasieratik aritu daiteke. Kontua da, 19 urtez azpiko frantziako selekzioarekin bilduta dagoela Griezmann eta ostirala baino lehen ez dela Donostiar itzuliko.
Lan saioari dagokionez, Labakak atseden hartu du ezker iztarreko arazoak behin betiko ahazteko eta Rivas, aldiz, gerrialdeko minez gimnasioan izan da. Bai batak zein besteak, Numantziaren aurka jokatzeko modua izango dute.
Bestelakoan, Dani Estradak baloia ikutu du gaur. Min hartu zuenetik ez zuen halakorik egin, beraz, aste gutxiren buruan taldera itzul daiteke.