Baskonia
Aireportuan atxikita
Khimki-Caja Laboral: Teletovicen mendekua
Erredakzioa
Baskoniako pibot bosniarra zazpi orduz egon zen Moskuko aireportuan poliziak atxikita. Ondoren, Khimkiren aurkako Euroligako partidan, 25 puntu egin zituen.
Baskoniak Mirza Teletovicek Moskuko aireportuan jasandako "tratu iraingarria" salatu du, Khimkiren aurkako partidarako bidaian.
Baskoniak ohar batean adierazi bezala, Teletovic "zazpi orduz aireportuan poliziak atxikita egon zen baldintza tamalgarrian eta inolako azalpenik gabe".
Pasaporte kontrolekoek Madrilera partida jokatu gabe bidaliko ziotela esan zioten bosniarrari.
Saski Baskoniak "Errusiak Madrilen duen Enbaxadaren, BC Khimkiren eta Bosniak Moskun duen Enbaxadaren lana" eskertu nahi izan du, baina "aireportuko pasaporte kontrolaren arduradunen" laguntza eza salatu du.
Arazoak Moskun lurreratu eta berehala hasi ziren Baskoniarentzat. Espedizio osoak bi orduz itxaron behar izan zuten "eliteko kirolari bati ez dagokion baldintzetan". Ondoren, Teletovicen arazoak hasi ziren.
"Teletovicek, beste jokalariek ez bezala, ez du baimen berezirik behar Errusian sartzeko, Bosniako nazionalitatea baitauka", esaten du Baskoniaren oharrak.
Teletovicek Errusiara egindako aurreko bidaietan eramandako dokumentazio bera eraman zuen. Dokumentazioa ez zuten onartu eta Teletovic antzerako egoeran zeuden beste pertsona batzuekin batera gela batean sartu zuten. Felix Fernandez Baskoniaren espedizioaren arduradunari ez zioten jokalariari gerturatzen utzi.
Zazpi ordu igaro ondoren, Mirza Teletovicek aireportua utzi zuen, baina ez zioten inolako azalpenik eman.