Itxi

Ekonomia

Krisiaren aurkako Estatu ituna

Gobernua eta alderdiak hitz egiten hasi dira Estatu ituna adosteko

Exekutiboaren talde negoziatzailea alderdietako ordezkariekin batzartuko da gaur goizean. Atzo, gaurko gai-zerrenda igorri zien.

Espainiako Gobernua eta alderdi politikoak hitz egiten hasi dira gaur goizean krisiaren aurkako Estatu ituna adosten saiatzeko. Jose Luis Rodriguez Zapaterok promestu du negoziazioak "azkeneraino" eraman nahi dituela, baina PP ez da fio, eta denbora irabazteko mugimendua baino ez dela uste du.

Zapaterok hautatutako talde negoziatzailea (Ekonomia, Sustapen eta Industria ministroak) 09:00etatik dago batzartuta Kongresuan ordezkaritza duten alderdi guztiekin.

Atzo bileraren gai-zerrenda igorri zien, baina proposamen zehatzak astelehenean aurkeztuko ditu.

Gobernuak atzo igorritako txostenak lau gai nagusi mahaigaineratzen ditu: Lehiakortasuna, industria politika, zerga politikaren ezarpena eta finantza sistema.

Beste hainbat neurriren artean, Exekutiboak ekoizpen eredua aldatzearen beharra ere azpimarratu du, eta horretarako ibilgailu elektrikoa giltzarritzat jo du.

PSOEren bilera-sorta

Atzo bertan, Jose Antonio Pastor PSOEk Kongresuan duen bozeramaileak alderdiekin abiatutako bilera-sortarekin jarraitu zuen. Gobernuak krisiaren aurka aurkeztuko dituen neurrientzat babesak lortzea da helburua.

Atzo Kongresuko bi alderdi nafarrekin batzartu zen, hots, NaBairekin eta UPNrekin.

Gainerako bileretan bezala, NaBai eta UPN hitz egiteko "prest" daudela igarri zuen Alonsok.

Bi alderdiok Parlamentuan egonkortasuna lortzeko eskatu diote.