Itxi

Mundua

Kuba

Kubako disidentziak "hilketatzat" jo du Zapataren heriotza

Erredakzioa

Bestalde, Raul Castro presidenteak disidentearen heriotza deitoratu du eta "Kuban ez dela torturatzen" esan du.

Orlando Zapata Tamayo preso politiko kubatarraren heriotzak (Habanako ospitale batean hil da gaur, 85 egunez gose-greban egon eta gero) Kubako disidentziaren, Europaren, AEBen eta Espainiako politikarien gaitzespena jaso du. Kubarekin elkarrizketak izateko politikari buruz hausnarketa egiteko eskatu dio alderdi popularrak PSOEri.

Zapata Tamayo 2003ko martxoan atxilotu zuten ''Udazken Beltza'' delako errepresio-boladan eta 2004an hiru urteko kartzela-zigorra ezarri zioten "errespetua galtzeagatik", "desordena publikoengatik" eta "erresistentziagatik". Beranduago, beste delitu batzuengatik epaitu zuten eta guztira 36 urteko kartzela-zigorra bete behar zuen.

42 urteko disidentea igeltseroa zen. Joan den abenduaren 3an bere preso eskubideak hobetzea eskatzeko hasi zuen gose-greba. Reina Tamayo Dangerren hitzetan, "bere semea hilketa baten biktima izan da".

Bestalde, Raul Castro Kubako presidenteak disidentearen heriotza deitoratu du eta Kuban "torturaturik ez dagoela eta ez dela egon", esan du: "Hori Guantanamon gertatzen da".

Espainiako Gobernuak Zapataren heriotza deitoratu egin du. Maria Teresa Fernandez de la Vegaren hitzetan, "Espainia eta Europar Batasuna Kuban trantsizio politiko eta demokratikoa emateko lanean ihardungo dira".

Atxilotuak

Gutxienez 20 lagun atxilotu dituzte azken orduetan Raul Castroren Gobernuak abian jarritako "errepresio-operazio" batean, Kubako giza eskubideen elkartearen arabera. Bestalde, datorren igandean Kubako herbesteratuen talde ezberdinak kalera aterako dira Floridan (AEB).

Castro elkarrizketarako prest dago

Bestalde, Raul Castro AEBekin elkarrizketatzeko prest dagoela esan du, baina elkarrizketa hori berdintasun egoeran eman behar dela ohartarazi du. "Amerikar Estatu Batuek nahi dituzten arazoetaz eztabaidatzeko gogoa dugu: denak, denak, denak. Baina eztabaida berdintasunean ematen baldin bada bakarrik eztabaidatuko dugu".