Itxi

Gizartea

Sei botoko aldearekin

Abortuaren Legea behin betiko onartu du Senatuak

Erredakzioa

Erreformak PSOEren, Entesa Catalana Progres taldearen (PSC-ERC-ICV), EAJren eta BNGren babesa jaso du, eta baita Talde Mistoko eta CDC-CiUko senatari batzuena ere.

Abortuaren Lege berria behin betiko onartu du gaur Senatuak. Aldeko 132 boto jaso ditu, 126 kontran eta abstentzio bat.

PPk, Uniok eta UPNk aurkeztutako betoak gainditu ditu erreformak, eta baita talde parlamentariek aurkeztutako 88 zuzenketa partzialak ere. Horrrela, PSOEren, Entesa Catalana Progres taldearen (PSC-ERC-ICV), EAJren eta BNGren babesa jaso du erreformak, eta baita Talde Mistoko eta CDC-CiUko senatari batzuena ere.

Bibiana Aido Berdintasun ministroa eta Francisco Caamaño Justizia ministroa Senatuaren osoko bilkuran izan dira. Honenbestez, azken tramitea gainditu du Abortuaren Legeak. Lau hilabete barru, Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) argitaratzen denean sartuko da indarrean.

PPren eta UPNren betoak atzera bota dituzte 134 botorekin. Betoak aldeko 126 boto jaso ditu eta bi abstentzio. Uniok aurkeztutako betoak, ostera, aldeko 128 boto jaso ditu, 132 kontran eta bi abstentzio. Abstentzio guztiak Coalicion Canaria alderdiarenak izan dira.

Adierazpenak

Legea "proposamen landu" bat izan dela esan du Leire Pajin PSOEko senatariak, izan ere, "gogoetek eta bilerek" ia bi urteko iraupena izan dute.

Carmen Dueñas PPko senatariaren hitzetan, Espainiako Gobernuak "azpikeriaz eta gauez" onartu du Lege berria eta "alderdikeriaz" jokatu du.

Arauak "denbora gehiegiz izan dugun hutsune bat betetzera dator", esan du Bibiana Aido Berdintasun ministroak.

Elkarretaratzea Senatuaren aurrean

Bien bitartean, Senatuko ateen aurrean abortuaren aurkako zenbait taldek elkarretaratzea egin dute. Iragan astean erreforma honen kontrako milioi bat sinadura baino gehiago aurkeztu zituzten talde horiek.