Athletic Club
UEFA Europa League
Athletic Club: Anderlechten foroa, sutan
Erredakzioa
Batzuk Bruselako poliziaren eta Ertzaintzaren arteko borroka irudikatzen dute. Besteek, ordea, aterkia eramateko aholkatzen diete zale zuri-gorriei harmailetatik erori daitezkeen gauzetatik babesteko.
UEFA Europa Leagueko Athletic-Anderlecht partidan izandako liskarren ondoren ostegun honetan itzulerako partida jokatuko dute bi talde hauek Bruselako Anderlecht auzoan eta Anderlecht taldearen foro ofiziala sutan dago. Ez dago gai honi buruz idazten ez den egunik.
Osteguneko partida bukatu ondoren zabaldu zen lehen gaia kirol alorrekoa izan zen; jokalariek nola jokatu zuten eta horrelako gauzak komentatuz. Zoritxarrez, kirola bigarren planora pasa zen eta foroan Bilbon izandako istiluen bideoak jartzen hasi ziren, horien artean eitb.com-ek bere webgunean jarritako bideoa.
Kirol alorreko gaiak 200 iruzkin eta 3000 bisita eduki zituen, baina hori ez da ezer istiluen gainean idatzitako gaiek izan dituzten milaka bisitekin eta idatzitako ehunka iruzkinekin konparatuz gero.
Iruzkinetan denetarik irakurri daiteke. Irzukin batzuk errua Athleticeko zaleei botatzen die jaurti zituzten objektuengatik, beste batzuk Athletici eta Ertzaintzari botatzen diote errua segurtasuna ondo ez antolatzeagatik. Baina badaude Anderlechteko zaleei errua botatzen dioten iruzkinik ere oso mozkortuta egon zirela eta etxeko zaleak probakatu zituztela ere esanez.
"Viva España" Athleticen zelaian abestea probokazioa dela argi geratu zaie Anderlechten foroan parte hartu dutenei. Badago Anderlechten 4-0eko garaipenarekin zelaia beteta egonda "Viva España" kantatzearekin amets egiten duenik ere .
Azken egunotan Ertzaintzaren eta euskal zaleen etorreraren inguruan idatzi dira iruzkinak. Humorezko iruzkinak eta biolentziaren aldeko iruzkinak daude. Batzuen ustez Ertzaintzaren eta Bruselako poliziaren artean borroka egongo da eta beste iruzkin batzuk aterkia eramatea aholkatzen diete euskal zaleei harmailetatik eroriko diren gauzetatik babesteko.