Politika
Ez-ohiko bilera batean
Kontzertu Ekonomikoaren aurka helegitea jartzea erabaki du Errioxak
Erredakzioa
Horrez gain, Auzitegi Konstituzionalak helegite horren inguruan ebazpen bat kaleratu artean Kontzertu Ekonomikoaren 'blindatzea' baliogabetzea eskatuko dio Errioxako Gobernuak Zapaterori.
Pedro San Errioxako presidenteak iragarri duenez, bere Gobernuak erabaki du EAEko Kontzertu Ekonomikoaren ''blindatzea''ren aurka konstituzio-kontrakotasun helegitea aurkeztea, "errioxarren eskubideak urratzen dituelako".
Kontseilari guztiak alboan zituela, Sanzek esan du arau fiskalak "blindatzeko" Auzitegi Konstituzionalaren eta Botere Judizialaren Lege Organikoan egindako aldaketek "Errioxako erkidegoaren interesak larriki urratzen" dituela, "Espainiako auzitegi judizialetan arau horien kontra jotzea galarazten duelako".
EAEko Kontzertu Ekonomikoaren ''blindatzea'' "Espainiako demokraziaren historian inoiz egin den bidegabekeriarik handiena da, Konstituzioa atzeko atetik erreformatu delako", kritikatu du. Ildo horretan, Jose Luis Rodriguez Zapateroren jarrera "lotsagarria" dela esan du, "boto batzuk salerostearen truke, lurraldeen arteko diskriminazioa ekarriko duelako".
Horrez gain, Pedro Sanzek jakinarazi duenez, helegite horren inguruan Auzitegi Konstituzionalak erabaki bat edo beste hartu artean Errioxako Gobernuak ''blindatzea''ren legea baliori gabe uztea eskatuko dio Zapateroren exekutiboari.
Datozen egunetan beste erkidego batzuek ere konstituzio-kontrakotasun helegite gehiago aurkez dezaketela iragarri du. Zehazki beste lau jarriko direla uste du, tartean Gaztela eta Leongoarena.
Kontzertu Ekonomikoaren ''blindatzea''ren berri emango diote Europako Batzordeari, "leihakortasunari dagokionez beharrezkotzat jotzen dituen neurriak har ditzan".
Era berean, Errioxako Gobernuak baimena eman dio Zerbitzu Juridikoetarako Zuzendaritza Nagusiari "Europako Batzordearen aurrean EAErako ezartzen diren pizgarri fiskalak salatzeko beharrezkoak dituen neurriak har ditzan", azaldu du Sanzek.