Mundua
Osasun Erreforma
AEBetako Osasun Lege proposamen berria aurkeztu du Obamak
Erredakzioa
Proiektu hau erabat blokeatuta dago, eta Obama presidentearen lehentasuna da aurrera ateratzea.
Barack Obama Estatu Batuetako presidenteak AEBetako Osasun Sistemaren erreforma aurrera ateratzeko proposamen zehatza aurkeztu du, gaur Etxe Zuriak jakinarazi duenez. Orain Kongresuan eztabaidatu beharko dute eta baliteke onartua izatea. Senatuan onartutakoarekin antza handia dauka honek, baina aurrekontu handiagoa dauka eta pertsona gehiagori estaldura ematen die.
Proposamen honen bitartez, familientzat eta enpresa txikientzat osasun-polizak arindu nahi dituzte. Neurri hauei esker, 31 milioi estatubatuarrek mediku-segurua izango lukete. Datozen hamar urteetan 950.000 milioi dolar (700 milioi euro) emango ditu Gobernuak.
AEBetako Osasun Sistemaren erreforma Kongresuan geldituta dago. Testua aurrera ateratzeko, Senatuaren eta Kongresuaren Lege Proiektuek bat egin behar dute.
Etxe Zurian egin dute bilera batean, Obamak egitasmo berria azaldu die gaur AEBetako gobernadoreei, horrela Senatuaren eta Kongresuaren Lege egitasmoak batzeko helburuarekin. Hala ere, Senatuaren bertsioa dago proposamen berriaren oinarrian.
AEBetan ez dute osasun asistentzia unibertsala bermatzen duen sistema. 2008an, esaterako, 46,3 milioi estatubatuarrek ez zuten mediku-segururik.
Horrez gain, kontuan hartu behar da osasun kostuak AEBetan oso handiak direla, Barne Produktu Gordinaren % 16,2a (gainerako herrialde gehienen bikoitza) gastu horietara bideratzen dituelako.