Athletic Club
Igandean, 17:00etan
Athletic-Tenerife: Txip aldaketa
Artitz Gallastegi
Lezama
Athleticek, Caparrosek gustukoen dituen euskarri barik, ezin du huts egin Teneriferen kontra.
Joan den osteguneko partida txarra eta neurketa osteko ikuskizun negargarria lehenbailehen ahaztu eta Liga txapelketari berrekin behar dio Athleticek. Zuri-gorriek jardunaldi asko daramate sei onenen artean sartzeko ahalegina egiten, baina orain arte ezin izan dute lortu. Caparrosen taldeak Europarako txartela badu xede, ezin du gehiagotan huts egin. Zer esanik ez etxean eta jeitsierako postuetan dagoen talde baten bisita izanez gero. Tenerife lan ona egiten ari da bere zelaian, baina etxetik kanpo asko ari zaio kostatzen puntuak irabaztea. "Tenerifek baloia izatea du gustuko. Bartzelonaren antzeko estiloa dauka, baina Barsa ez bazara oso arriskutsua da etxetik kanpo horrela jokatzea", adierazi zuen Koikilik.
Hala ere,zuri-gorriek ez dute neurketa samurra izango. Xerezek argi eta garbi erakutsi zuen duela hamabost egun talderik eskasenak ere estu hartu dezakeela Athletic. Izan ere, bizkaitarrak ez dira maila ona ematen ari. "Beharbada ez gaude gure unerik gozoenean", azaldu zuen Gurpegik.
Bai Kokili eta baita Gurpegi ere hasieratik arituko dira Teneriferen kontra. Ezker hegalekoak Castilloren partez jokatuko du, eta Andosillakoak, berriz, litekeena da euskarrian jokatzea. Izan ere, bi euskarri titularrak zigortuta daude: Javi Martinez eta Orbaiz. Gurpegi izango da euren ordezkoetako bat eta Iturraspe izan daiteke bestea. Eskuin hegalean, berriz, Susaeta arituko da. Etxean indar eta sakontasun handia ematen dio eibartarrak taldeari. Aurrean, Toquero izan daiteke berritasun nagusia.
Athletic: Iraizoz: Iraola, San Jose, Ustaritz, Koikili; Susaeta, Gurpegi, Iturraspe, Yeste; Toquero eta Llorente.
Epailea: Undiano Mallenco