Itxi

Ekonomia

Antxoa-debekualdia

Eusko Jaurlaritzak kantauriar antxoa babestuko du

Erredakzioa

Hamar egunetan antxoaren kanpaina hasiko da eta Radio Euskadik adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak egiazkotasuna bermatzeko plan bat martxan jarriko du.

Hamar egun barru antxoaren kanpaina hasiko da, Bizkaiko Golkoan bost urteko debekualdiaren ostean. Horregatik, eta Radio Euskadik jakin duenez, Eusko Jaurlaritzak kantauriar antxoa babesteko ikuskaritza lanak egingo ditu. Alde batetik 5.400 tonako kuota gainditu ez dezaten eta, bestalde, bai fresko, bai kontserban saltzen dena benetan kantauriar antxoa dela bermatzeko.

Jon Azkue Arrantza Sailburuordeak Eusko Jaurlaritzak hartuko dituen neurriak azaldu ditu. Antxoa kilo guztiak kontrolatuko eta portuak zelatatuko dituztela (arrantza kuota ez gainditzeko) azpimarratu du Azkuek. Merkatuetan ere saltzen dena kontrolatuko da.

Horretaz gain, iruzurrarekin amaitzea nahi dutenak arrantzaleak direla esan du Azkuek, "horrek prezioen dumping-a dakarrelako".

Momentuz itxaropen handia eta kezka asko daude, hegalaburraren babeserako nazioarteko batzordeak atun gorriaren arrantza debekatu dezakeelako mundu osoan.

Hondarribia bezalako udalerrietan, adibidez, hegalaburraren arrantza urte osoko fakturazioaren % 30a da.

Debekualdiaren amaiera

Europar Batasuneko Arrantza ministroek akordio bat lortu zuten 2009ko abenduaren 15ean 2010eko arrantza kuotak banatzeko. Era berean, urtarrilaren 1etik Bizkaiko Golkoan antxoaren arrantza berriro zabaltzea erabaki zuten, Espainiako diplomaziako iturriek jakitera eman zutenez. Horrela, bost denboraldiko debekualdiari amaiera eman zioten.

Erabakia pozik hartu zuten euskal arrantzaleek, Iñaki Zabaleta Bizkaiko Kofradiako presidenteak jakitera eman zuenez.