Itxi

Mundua

Afganistan

NATOko beste sei soldadu hil dituzte talibanen kontrako erasoaldian

Erredakzioa

Errepideko lehergailuen ondorioz hil dira horietako hiru eta gainerakoak arma laburren tiroek jo dituzte, Helmandeko liskarretan.

NATOren Segurtasunerako Nazioarteko Indarretako beste sei soldadu hil dituzte iragan larunbatean hasi zen talibanen kontrako erasoaldiaren baitan, Helmand probintzian, erakunde militarrak jakitera eman duenez.

Heriotza guztiak atzo gertatu ziren, Helmanden operazioa egin duten egunean, nazioarteko tropek biktima gehien izan dituztenean.

Segurtasunerako Nazioarteko Indarrek zabaldu dituzten agirien arabera, Errepideko lehergailuen ondorioz hil dira horietako hiru eta gainerakoak arma laburren tiroek jo dituzte, Helmandeko liskarretan. Aipatu iturriek ez dute biktimen jatorriari buruzko informaziorik eman.

''Moshtarak'' operazioa

NATOko eta Afganistango Armadako soldaduek ''Moshtarak'' operazioa hasi zuten iragan larunbatean talibanetako buruzagi ekintzaileen kontra eraso egiteko, Helmand probintzia erdigunean.

Atzo arte, bost ziren NATOko soldaduen heriotzak.

Gainera, 40 taliban, 15 zibil eta soldadu afganiar bat ere hil dira erasoaldia hasi zenetik, Afganistango Gobernuak emandako datuen arabera.