Bilbao Basket
15.091 eserleku
ACB Kopa: Bizkaia Arena, jokalekurik handiena
Erredakzioa
15.000 eserleku baino gehiago izango ditu BECeko pabilioirik kutunenak, Kopako historiako ekitaldirik jendetsuenean.
Saskibaloiko Errege Kopako azken fasean Bizkaia Arenak izango dituen 15.091 eserlekuek, ACB Kopan sekula zale gehien bil dezakeen jokalekua bihurtu dute BECeko pabilioirik sonatuena.
2007ko urtarrilean, Bizkaia Arena aurrenekoz izan zen saskibaloi partida baten lekuko. Orduko horretan Bilbao Basket eta TAU Baskonia aritu ziren nor baino nor eta 15.414 zale bildu ziren harmailetan, egun oraindik hautsi gabe dagoen marka ezarriz.
Ondoren, partida asko jokatu dira bertan eta aurten Bilbao Basketen "etxe" bihurtu da, Miribillako pabilioi berriaren lanak amaitu bitartean. 2007an Superkopako azken fasea jokatu zen. TAUk irabazi zuen, eta etxeko taldea izan zen txapeldunordea.
Aurtengo ACB Koparako kantxa berria jarri dute BECeko arduradunek. Azken berritasunak ditu kantxak, eta Paris-Bercyko Lauko Finalean edota Turkiako Munduko Txapelketan erabiliko denaren antzekoa izango da.
Beste berritasuna, pista erdian izango den markagailu elektroniko berria izango da. Lau alde izango ditu, 4.000 kiloko pisua eta hamasei metro karratu izango ditu lau aldeetan.
185 hedabide ezberdinetako 500 kazetarik eman dute izena ekitaldia bertatik bertara jarraitzeko. 40 herrialde ezberdinetako telebistek eskainiko dute Kopa eta NBAko bederatzi frankiziek ikuskatzaileak bidaliko dituzte Bizkaia Arenara.