Mundua
Atxiloketa
Pakistanek baieztatu egin du talibanen buruzagi bat atxilotu dutela
Erredakzioa
Herrialde asiarreko Armadak berretsi egin du Abdul Gani Baradar mula atxilotu dutela. Afganistango talibanen bigarren buruzagi nagusia zen.
Pakistango Armadak baieztatu egin du Abdul Gani Baradar mula, Afganistango talibanen bigarren buruzagi nagusia, atxilotu dutela herrialde asiarrean.
Prentsari igorritako mezu batean, Athar Abbas Pakistaneko Armadaren bozeramaileak baieztatu egin du mula identifikatu dutela, baina ez du jakinarazi atxiloketa non izan den, segurtasun arrazoiak medio.
AEBetako Gobernuko iturri ofizialek The New York Times egunkariari aurreratu zioten atzo albistea, eta atxiloketa Pakistango eta AEBetako inteligentzia zerbitzuek Karachin egin zutela zabaldu zuten.
Pakistango bozeramaileek ez zuten atzo atxiloketaren berri eman nahi izan eta Rehman Malik Barne ministro pakistandarrak, nahiko adierazpen nahasgarriak egin ohi dituenak, sinesgarritasuna kendu zion albisteari eta atxiloketaren bat egiten dutenean, Gobernuak horren berri emango duela esan zuen.
Pakistango inteligentzia zerbitzuetako bozeramaile batek "akats"tzat jo zuen AEBek albistea prentsara filtratzea. Izan ere, AEBek eta Pakistanek elkarrekin egiten dituzten operazioak ez dira, normalean, iritzi publikora iristen. "Gauzak ez dira horrela egiten", gaineratu du aipatu iturriak.
Baradar Akhund mula moduan ezagun dena, Afganistango talibanen buruzagi militarra zen eta Omar mula buru duen mugimenduaren "bigarrena". Erregimen talibanaren garaian, 1996tik 2001era, Afganistango Defentsa ministro ordea izan zen.