Itxi

Ekonomia

Bilera-sorta

PSOEk krisitik irteten laguntzeko eskatu die alderdi politikoei

Erredakzioa

Sozialistek bilera-sorta hasi dute talde politikoekin. CiUrekin bildu da Jose Antonio Alonso buruzagi sozialista eta kataluniarrek akordioetara heltzeko "borondatea" dutela egiaztatu du.

Jose Antonio Alonso PSOEren Kongresuko bozeramaileak indar politikoen "fede ona" aldarrikatu du Espainiako Estatua krisitik ateratzen laguntzeko akordioak bilatzeko.

Alonsok Madrilgo Kongresuan emandako prentsaurreko batean egin ditu adierazpenok, Jose Luis Rodriguez Zapatero gobernuburuak bihar egingo duen agerraldiaren eta PSOEk talde politikoekin egingo duen bilera-sortaren harira.

Gaur arratsaldean hasi dira bilerak egiten, Josep Antoni Duran i Lleida CiUren Kongresuko bozeramailearekin.

Alonsok bileraren ostean adierazi duenez, CiUk akordioetara heltzeko "borondatea" duela egiaztatu du, baina neurri zehatzik ez dutela hartu esan du, izan ere, Duranek bihar diputatuen ganberan egingo duten eztabaida orokorrean aurkeztuko ditu akordio zabal batek bete beharko lituzken baldintzak.

Alonsok baztertu egin du krisiaren kontrako balizko Estatu itunaz hitz egitea eta herritarren ongizatearen aldeko "oinarrizko akordioak" bilatuko dituztela adierazi du.

Administrazio Publikoaren gastuak doitzea, ekoizpen eredu berria, hezkuntza alorreko akordioa, elkarrizketa soziala eta pentsioen inguruko konpromisoak izango dira jorratuko dituzten gai nagusiak.