Itxi

Mundua

Gerra Afganistanen

NATOk beste hiru zibil hil ditu Afganistanen

Erredakzioa

Biktimak ustezko ekintzaileekin eta balizko erasoak egitera zihoazen lagunekin nahastu dituzte. Nazioarteko tropek heriotzak deitoratu dituzte eta familiei doluminak eman.

NATOk zuzentzen duen Segurtasunerako Nazioarteko Indarrak (ISAF) beste hiru zibil hil dituela jakinarazi du, ''Moshtarak'' operazioaren baitan, Helmand probintzian, Afganistan hegoaldean.

Gertakari ezberdinak izan dira. Larriena igandean jazo zen, eraikin batean ezkutatuta zeuden ekintzaileen eta tropen arteko tiroketa batean. Bi herritar ekintzaileekin nahastu eta balaz zauritu zituzten.

Afganistango eta nazioarteko tropen patruila batek artatu zituen zaurituak eta ondoren osasun zentro batera eraman zituzten. Bietako bat hil egin zen.

Atzo, konboi militar batera hurbildu eta gelditzeko agindua eman arren aurrera jarraitu zuen herritar bat tiroz hil zuten.

Gaur antzeko zerbait gertatu da. Gizonezko bat nazioarteko tropen unitate batera hurbiltzen saiatu da. Gelditzeko agindu diote, baina aurrera jarraitu duenez, ekintzaile suizida bat zela pentsatu dute eta tiro egin diote.

Steven Baker koronel estatubatuarrak esan du horrelako geratkariak "oso konplexuak" direla. "Heriotza hauek deitoratzen ditugu eta biktimen senideei gure doluminak helarazi nahi dizkiegu. Gure aliatu afganiarrekin lanean jarraituko dugu horrelako jazoera tragikoak ez errepikatzeko", azaldu du.