Mundua
'The New York Times'en arabera
Talibanen buruzagi militarra atxilotu dute Pakistanen
Erredakzioa
Abdul Ghani Baradar talibanen 'bigarrena' eta Osama Bin Ladenen laguntzailea dela uste dute AEBetako inteligentzia zerbitzuek. Talibanek ukatu egin dute atxiloketa.
Abdul Ghani Baradar talibanen ustezko komandante militarra atxilotu egin zuten duela egun batzuk Pakistanen, Karachi herrian (hegoaldea), AEBetako eta Pakistango inteligentzia zerbitzuek abiatutako operazio batean, Gobernu estatubatuarraren iturriak aipatuta The New York Times egunkariak informatu duenez.
Albistea baieztatuko balitz, Afganistango gerra hasi zenetik egindako atxiloketarik garrantzitsuena izango litzateke, Baradarri talibanen ''bigarrena'' eta Osama Bin Ladenen laguntzailea izatea egozten baitiote.
Baradarrek egun batzuk daramatza atxilotuta Pakistanen, eta inteligentzia zerbitzuak galdeketa egiten ari dira, aipatu egunkariak zehaztu duenez.
Oraindik ez dute argitu deklaratu egin duen, baina helburua beste buruzagiak atxilotzeko datuak lortzea dela esan dute iturriek.
Batik bat, Omar mulah deritzona, talibanen ustezko buru espirituala, atzemateko informazioa nahi dute.
Egun hauetan, NATO operazio militar handia egiten ari da Afganistanen talibanen aurka.
Talibanek ukatu egin dute
Euren aldetik, talibanek ukatu egin dute Baradar atxilotuta dagoela.
"Baradar atxilotuta dagoen informazioak faltsuak dira eta ez dute oinarririk. Ez dago Pakistanen, baizik eta jihad-a (gerra santua) egiten Afganistanen", ziurtatu du matxinoen bozeramaile batek, Muhammad Yousuf Ahmadik.