Itxi

Politika

Auzitegi Nazionalean

Biktima baten familia Salatik bota du Bermudez epaileak

Erredakzioa

ETAk 1981. urtean Jose Maria Felix Latiegui hil zuen Gipuzkoan. Gaur, familiak pankartak erakutsi ditu, epaiketa bat eskatzeko.

Javier Gomez Bermudez Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko Salako presidenteak, ETAk 1981. urtean hil zuen Jose Maria Felix Latieguiren familia aretotik botatzea erabaki du gaur, epaiketa bat eskatzeko pankartak erakusteagatik. ETAk Gipuzkoan hil zuen Latiegui, ''Moulinex'' enpresako zuzendaria zenean.

Jose Antonio Zurutza ETAko kidearen aurkako epaiketan izan da gertaera. 1982an Enrique Cuesta Jimenez Telefonicako Donostiako ordezkaria hiltzeagatik epaitu dute gaur Zurutza. Fiskalak 30 urteko kartzela zigorra eskatu du.

Publikoari ateak zabaldu dizkionean, Latieguiren alarguna eta alaba zutik jarri dira areto barruan eta justizia eskatu du hildakoarentzat. Argazkiak ere erakutsi dituzte.

"Birritan hil gaituzte, berak hil gintuen, eta orain zu ari zara gu hiltzen (auzitegiaren presidenteari esan dio)". Hitz hauek entzun ondoren, Gomez Bermudezek aretotik ateratzeko eskatu die.

Familiak ez du aretotik atera nahi izan, eta justizia eskatzen jarraitu dute. Ondoren, Bermudezek segurtasun indarrei eskatu die Latieguiren senideak Salatik ateratzeko.

Horrez gain, epaileak gertaera grabatu duen telebista kamara bat ere aretotik bota du.