Itxi

Ekonomia

Krisi ekonomikoa

Europak Greziari lagunduko diola ziurtatu du Zapaterok

Erredakzioa

"Greziari lagundu behar diogu, eta hala egingo dute Europak eta euroguneak", adierazi du Espainiako Gobernuko presidenteak. "Erantzun bateratua eman behar dugu", esan du.

Europak eta euroguneko estatuek Greziari lagunduko diotela esan du gaur Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak, bizi duen egoera ekonomiko zaila gaindi dezan.

"Grezia lagundu behar dugu, eta hala egingo dute Europak eta euroguneak", esan du Zapaterok, Europako Alderdi Sozialistak antolatutako afari batera heltzean, Bruselan. Bihar goi-bilera informala egingo dute Bruselan estatuburuek eta gobernuburuek.

"Europak eta euroguneak erantzun bateratu bat eman behar dute, eta Espainiak, noski, babestu egingo du", erantsi du.

Kontseilu Europarra

Greziako egoera ekonomikozaila mahai gainean izango dute buruzagiek bihar Kontseilu Europarrean, eurogunean sortu duen kezka dela-eta.

Elena Valenciano PSOEko nazioarteko politikaren arduradunak azaldu duenez, "herrialde bati eragiten dioten arazoak konpontzeko gaitasuna erakutsi behar du EBk, eurogune osoari eragin diezaiokeelako". "Euroguneko herrialderik ezin dugu erortzen utzi", gaineratu du.

Giorgios Papandreu Greziako lehen ministroa agurtzeko aukera izan du Zapaterok afaria hasi baino lehen.