Itxi

Ekonomia

Merkatuak

EBk Greziari lagunduko dion usteak euroa suspertu du

Erredakzioa

Jean-Claude Trichet EBZko presidenteak Australiako egonaldia laburtuko du ostegunean Bruselan izateko. Goi-bilera horretan Greziako arazo ekonomikoak izango dituzte mintzagai.

Euroak balioa handitu du gaur dolarraren aurrean, Frankfurteko dibisen merkatuan, eta 1,37 dolarretan kokatu da. Europar Batasunak (EB) Greziaren krisiari lagun diezaiokeela zabaldu da eta horrek merkatuen itxaropena piztu du.

Euroaren truke ofiziala 1,3760 dolarretan ezarri du Europako Banku Zentralak (EBZ). Iragan ostiralean, euroa 1,36 dolarretan izan zen, 2009ko maiatzetik izan duen mailarik baxuena.

Jean-Claude Trichet EBZko presidentea Europara itzultzeko bidaia aurreratu du. Greziari lagunduko dioten zurrumurruak areagotu ditu horrek. Trichet Australian dago, bertako Erreserba Federalak 50 urte bete dituela-eta ekitaldiak antolatu dituztelako.

Goi-bilera ostegunean

Trichetek Australiako egonaldia laburtuko du ostegunean Bruselan izateko. Goi-bilera horretan, besteak beste, Greziako arazo ekonomikoak izango dituzte mintzagai.

Merkatuen beldurrak "gehiegizkoak" dira, Greziako aurrekontuen arazoak ez direlako mehatxu euroaren egonkortasunerako, Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidentearen ahotan.

Bestalde, Europako sisteman 78.840 milioi euro sartu ditu gaur EBZk finantziazio bi operaziotan, % 1eko interes-tasan.