Itxi

Reala

Ez du aukerarik eduki

Sergio (Reala): "Jokatuz gero, pribilegiatua izango naiz"

Ander Altuna

Zubieta

Lesioak direla eta aldaketak egingo ditu Martin Lasartek eta gaur errioxarra kokatu du Zurutuzaren ordez ustezko hamaikakoan.

Sergio Rodriguezen parte hartzea izan daiteke Tarragonako Nastici aurre egingo dion hamaikakoko berritasun nagusia. Zurutuza min hartuta eta Elustondo kili-kolo dagoenez, baliteke Aranburuk bere kokagunea atzeratzea euskarri posturaino eta errioxarrak egitea lotura lanak. Gaur goizeko saioan aztarna hori utzi du Lasartek. Sergiok nahiago du horretan ez pentsatu. "Nire esku ez dagoenez, entrenatzen jarraitu behar dut berdin-berdin eta entrenatzaileari lana gaiztotu. Ikusiko dugu". Teknikariaren pentsamoldeetatik urrun egon da erdilaria aurtengo sasoian. 260 minutuz egon da berdegunean orotora, hiru neurketa ere ez dira, eta bitan baino ez da aritu hasieratik. Azkenengoz, Albaceteko Carlos Belmonten izan zen azaro hasieran. Etsita ez dagoela esan du haatik. "Nire parte hartzea hutsaren hurrengoa izan arren ez nago dezepzionatuta. Futbolaren legea da. Nire unea noiz iritsiko zain nago, jokatzeko irrikaz eta ekarpena egin nahirik. Hasieratik jokatzekotan, pribilegiatua nintzatekeen". Taldekide gutxik dute Sergioren eskarmentua eta inor ez hark adina partida zilarrezko mailan. Gainera, teknikoki jokalari trebea da, jokarazten duen horietakoa eta uneotan ongi etor dakioke Realari, batez ere, joko aldetik iparorratza aurkitu ezinik dagoen honetan.

Beste alde batetik, Carlos Buenok aldageletarako bidea hartu behar izan du aldez aurretik iztarreko arazoak medio. Ez dago kezkatzeko motiborik jokalariak berak adierazi duenez. "Mina ez areagotzeko harturiko erabakia izan da. Bihar bertan normaltasunez aritzekoa naiz eta ez dut jokatzeko arazorik izango". Elustondok eta Martinezek euren kasara dihardute, baina, ondobidean hauek ere ez lukete jokatzeko arazorik izan behar.