Politika
Auzia artxibatzea ukatu du
Gorenak Amnistia Legea "nahita baztertzea" leporatu dio Garzoni
Erredakzioa
Auzitegi Goreneko epaileak uste du "nahita erabaki zuela" legea "baztertzea" Gerra Zibilean eta frankismo garaian desagertutakoen auzia ikertzeko.
Luciano Varela Auzitegi Goreneko epaileak ebatzi du Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak "nahita erabaki zuela" Amnistia Legea "baztertzea" Gerra Zibilean eta frankismo garaian desagertutakoen auzia ikertzeko.
Hala adierazi du Varelak, Manos Limpias eskuin muturreko sindikatuak, Libertad e Identidad elkarteak eta Falangek Garzonen aurka jarri zuten kereila aztertzen duenak, Garzonen abokatuak auzia artxibatzeko egin zuen eskakizunari buruzko ebazpenean.
Varelak oraindik Garzonen kontrako ahozko epaiketa irekitzea adostu ez badu ere (ebazpenaren kontrako helegitea jartzea posible da Goreneko zigor aretoan, beraz, ebazpena ez da irmoa), epaitzeko arrazoiak badaudela adierazi du, eta autoa irmoa denean erabakiko duela zer egin.
Azaldu duenez, Garzonek bazekien ez zuela eskumenik aipatu desagerpenak ikertzeko eta "ez zegoela zigor alorreko gertakaririk egun prozedura penalik irekitzeko".
Varelak uste du Garzonek "nahita erabaki zuela" Gorteen borondatea "baztertzea", 1977an onartu zuten Amnistia Legeari erreferentzia eginez, eta gaineratu du "hori prebarikazio delitua" izan daitekeela.
"Arrazoi altruistek, krimen ikaragarri horien biktimen senideen sufrimendua arintzeko nahia esaterako, ez dute zigorra saihesten ezta arintzen", adierazi du Varelak.