Reala
Indarberritzea da helburua
Reala: Minutuak banatzeko garaia da
Ander Altuna
Zubieta
Entrenamenduan erakutsitakoaren arabera, Lasartek atseden emango die Rivas, Elustondo eta Labakari. Zurutuza, Markel eta De la Bellaren txanda izan daiteke.
Hainbat jokalari nekatuegi ikusi zituela adierazi zuen Martin Lasartek neurketa osteko agerraldian. Pentsatzekoa da hortaz, aldaketak egin ditzakeela Murtziaren aurkako lehiari begira. Are gehiago, gaur goizean eginiko froga fidagarria baldin bada. Bi taldetan banatu du saioa. Batean, ustezko titularrak zeuden eta bestean gainerako guztiak. Elkarrengandik aparte aritu dira lanean. Lehenbiziko multzoan Zurutuza, Markel eta De la Bella ageri ziren, ez ordea, Rivas, Elustondo eta Labaka. Horrek esan nahi du, azken hauei atseden emango diela minutu guztiak jokatzen ari direlako. Funtsezko jokalariak dira Lasarterentzat, eta oraindik ere bidea luzea denez, indarberritu egin nahi ditu. Gauzak hala, Gonzalezek jokatuko lukeen Ansotegiren aldamenean eta De la Bella izango litzateke ezker atzelari postua betetzeko aukeratua. Hortik aurrera, Aranburuk eta Markelek osatuko lukete euskarri bikoitza eta Zurutuza arituko litzatekeen aurrelariaren atzetik. Bravoren itzulera segurutzat jotzen da era berean.
Songo''o: "Aldagela irabazle eta borrokalaria aurkitu dut"
Jokatu zituen minutu apurrei etekina atera zien kamerundarrak. Abiadura itzela du eta erdiraketetan trebea dela erakutsi zuen. Zubietako prentsa aretoan mintzatu da gaur. Ilusioz gainezka dagoela esan du eta aldagelarentza hitz goxoak utzi ditu. "Mutil gazteak dira gehienak, atseginak, dibertigarriak, jatorrak, irabazleak eta borrokalariak. Emaitza bolada onak hautsi egiten dira eta horietako bat topatzen ahalegindu behar gara berriz ere". Carlos Buenoren ustez bestalde, "geurea egiten jarraitu behar dugu urduri jarri gabe. Aurreneko postuan gaudenez guzti-gutziek mendean hartu nahi gaituzte, baina neurketak irabazteko gai garela erakutsi dugu".