Mundua
Haiti
Ama haitiar bat bere seme-alabak entregatu izanaz damutu da
Erredakzioa
Emakumezko batek aitortu egin du bere bost seme-alabak asteburuan atxilotutako estatubatuarrei eman zizkiela, bizimodu hobea emango zietela iritzita.
Haititik 30 ume inguru ateratzen saiatzen ari zirenean atxilotu zituzten hamar estatubatuarren egoerak okerrera egin du, bost adingaberen ama agertu baita astelehen honetan.
Emakumezkoa Polizia Judizialaren Zuzendaritza Zentralera (Gobernuaren behin-behineko egoitza) joan da, zenbait adingaberen amak direla zioten beste hainbat pertsonarekin batera, eta seme-alabak entregatu zituela aitortu du kazetarien aurrean. Izan ere, estatubatuarrekin hobeto egongo zirela uste zuen.
"Bizimodu hobea eman ziezaieten entregatu nituen, baina orain damutu egiten naiz", adierazi du.
Emakumezkoak azaldu duenez, estatubatuarren buruak ziurtatu zion bizimodu hobea emango ziela.
Hamar estatubatuarrak asteburu honetan atxilotu zituzten, autobus batean Dominikar Errepublikara sartzeko zorian zeudela. Ibilgailuan bi hilabete eta 12 urte arteko 33 ume ere zihoazen.
Aipatu emakumezkoa agertu baino lehen, Maire Laurence Lassec Komunikazio eta Kultura ministroak esan zuen umeetako batzuek gurasoak dituztela, baina ez zuen beste daturik gaineratu.