Itxi

Gizartea

Isabel Celaaren hitzen aurrean

Euskal Eskolak martxoaren 13an mobilizatzeko dei egin du

Erredakzioa

Manifestazio eta ekitaldi nazionalak burutuko dituztela jakinarazi dute Bilbon, Arriagatik abiatuta, arratsaldeko 17:30tan.

Gaur goizean Radio Euskadiko Boulevard saioan Isabel Celaá Hezkuntza Kontseilariari elkarrizketa egin eta gero, Euskal Eskolak prentsa agiri baten bitartez jakinarazi du: "Azkar ikusiko da oraindik ere gehiengo oso zabal batek D ereduaren alde egiten duela herri honetan. Hau da, jendearen gehiengoak euren seme-alabak elebidunak izatea nahi du, eta hori ezin dute izkutatu".

Era berean, "euren asmoa ez da legea betetzea, euren asmoa A eredua bezalako proiektu ilegalak mantentzea" dela aipatu dute. "Isabel Celaak, hala ere, onartu du herritarren gehiengoak D eredua nahi duela, jendeak euskara gehiago nahi duelako".

Hirueletasunaren inguruan, Euskal Eskolak uste du ingelera eta gaztelera gehiago sartuko dituen eredu bakarra eskaintzea inposaketa baino ez dela. "Inposaketa diogu bi arrazoi ezberdinak direla eta: Lehenengoa da ez dutela hezkuntza eragileekin hitz egin. Eta inposaketa dela aipatzeko bigarren arrazoia ere argia da: eredu bakarra egotea ez da inposaketa; hizkuntza bakarra menperatzea bada inposaketa".

Guk euskara hizkuntza behikularra izango duen ereduaren aldeko apostua egiten dugu. Eredu bakarra, bai, Euskal Herri osoan. Eta gure eredua, bakarra izan arren, ez da inposaketa, horrek baino ez duelako lortuko herritar eleanitzak.

Guzti honi erantzuteko, herri bat dagoela euskaraz ikasteko eskubidearen alde, euskaldunduko duen eskola baten alde. Martxoaren 13an manifestazio eta ekitaldi nazionalak burutuko dituztela jakinarazi dute Bilbon, Arriagatik abiatuta, arratsaldeko 17:30tan.