Itxi

Reala

Jardunaldi ona

Aranburu (Reala): "Ez gaude urduri jartzeko egoeran"

Ander Altuna

Zubieta

Lasaitasuna eskatu arren, kapitainak dio lehenbailehen irabaztea "komenigarria" litzatekeela. Egutegia gogortu egingo zaie txuri-urdinei otsailean.

Asteburuko emaitzak lagungarri izan zaizkio beste behin ere Realari. Etxeko lanak egin ez arren, bi neurketetan puntua baino ez urratzea urriegia baita igo nahi duen edonorentzat, laugarren sailkatuari hamar puntu kentzen dizkio. Gaitzerdi. Horri eutsi dio Aranburu kapitainak Zubietan. "Aldez aurretik esan izan baligute puntu bakarra aterako genukeela bi partidatan inork ez lukeen sinatuko. Ez da ahaztu behar ordea, Carlos Martinezek hirugarren gola sahiestu zuela atepean eta horregatik ontzat jo behar da puntua". Haizeak bizkarretik jotzen duenean, puntuak nahigabe pilatzen dira.

Norabidea aldatzean aldiz, gehiago kostatzen da eta horregatik Aranburuk dio Murtziari irabaztea komenigarria litzatekeela. "Sailkapenari dagokionez eta moral aldetik asko emango liguke garaipenak. Hala ere, ez gaude urduri jartzeko egoeran".

Hilabete gogorra dute aurretik txuri-urdinek. Murtzian, Gironan eta Huescan jokatzeaz gain, puntu gehien batu duen taldea hartuko du Anoetan: Nastic. Otsailetik indartuta ateratzen bada aurrerapauso itzela emango lukeen inondik ere.

Entrenamenduari dagokionez, hasieratik jokatu zutenek gainontzekoek baino lan arinagoa egin dute. Carlos Buenok ez du parte hartu arnas bideak gaiztotuta dituelako.

Ohorezko kofradea

Heldu den igandean babarrunaren festa ospatuko dute Tolosan eta Reala bertan egongo da ordezkatuta Kofradiak ohorezko kofrade izendatu baitu.