Politika
Amaitu egin da epaiketa
Fiskaltza: "Ezin da egiaztatu ETA 'Egunkaria'-ren atzean zegoela"
Erredakzioa
Akusazioek "indarrik" ez dutela esan du Fiskaltzak. Euren aldetik, akusazioek eutsi egin diote Egunkaria ETAren menpe zegoen teoriari. Akusatuek ETAko kide "sekula" izan ez direla errepikatu dute.
Fiskaltzak adierazi du gaur ezin dela egiaztatu ETA "Egunkaria-ren atzean" zegoela, kazetaren aurka Auzitegi Nazionalean egindako epaiketaren azken saioan. Prozesu judiziala amaitu egin da astelehen honetan, eta orain epailearen epaia baino ez da geratzen.
Joan den astean lekukoek deklaratu eta gero, aldeek haien ondorioak aurkeztu dituzte gaur Javier Gomez Bermudez epaimahaiburuaren aurrean.
Hori horrela, Fiskaltzak nabarmendu egin du bost auzipetuen (Martxelo Otamendi, Iñaki Uria, Joan Mari Torrealdai, Joxe Mari Auzmendi eta Xabier Oleaga) aurkako akusazioek ez dutela "indarrik", eta beraz, absolbiltzea eskatu du.
Gainera, Jose Luis Alvarez Santacristina, Txelis, ETAko talde politikoaren buruzagi ohiak egindako deklarazioak "kontuan hartzekoak" direla nabarmendu du. Izan ere, Txelisek ukatu egin zuen ETAk Egunkaria-rekin zerikusia zuela, eta kazetaren kritikei esker indarkeriatik aldendu zela azaldu zuen.
Defentsako abokatuek ere absoluzioa eskatu dute. Izan ere, haien arabera, epaiketan frogatu da ez dagoela loturarik Egunkaria eta ETAren artean, ez finantzazio aldetik, ez bestela. "Euskal gizarteak badaki akusatuak errugabe direla", esan du Jose Mari Elosua abokatuak, eta epaileek ere horixe ebatziko dutela seguru agertu da.
Aldez aurretik, herri akusazioek (Dignidad y Justicia eta AVT elkarteak) zigor eskariak berretsi zituzten (12 eta 15 urte artekoak) eta eutsi egin zioten Egunkaria ETAren menpe dagoen teoriari.
Bost akusatuek errugabe direla errepikatu dute
Egunkaria-ko bost zuzendari ohiek ETAko kide "sekula" izan ez direla errepikatu dute gaur eta Euskadin "haratago bizitza" dagoela defendatu dute, ETA ez delako ekimen guztiak zuzentzen dituen "printzipio unibertsala".
Horrela azaldu dute epaiketaren azken saioan Martxelo Otamendik, Iñaki Uriak, Juan Mari Torrealdaik, Joxe Mari Auzmendik eta Xabier Oleagak Auzitegi Nazionalean, epaia emateko prest geratu den auzian. Otamendi egunkariko azken zuzendariak errugabe dela errepikatu du berriro, baina "euskarazko egunkari bat zuzentzearen errudun" dela esan du.
Akusazioek defendatutako tesi "hutsalak" kritikatu ditu Torrealdaik, ETA euskal kulturan "ETA nonahi" dagoela uste dutelako, Euskadiko "ekimen edo egitasmo orotan ETA printzipio unibertsala" dela aurresuposatzen dutelako.
Bestalde, egunkariaren sorreran parte hartu izanagatik harro agertu da Uria, baina Egunkaria-ko helburuek ETAk zituenekin bat egiten zutela "batek esatea" egunkaria ixteko nahikoa izan dela deitoratu du. Euskal Herriko "burujabetze sozial eta politikoa" defendatu izanak ez duela ETAko kide bihurtzen defendatu du Oleagak.
ETAren aginduetara sekula ez direla izan azpimarratu du Auzmendik eta Dignidad y Justicia eta AVT elkarteei "gauza oso gogorrak" esatea aurpegiratu die, "erruki oso gutxi" dutela argi geratzen delako.
Epaiketako lehen saioan, baina, auzipetuek ukatu egin zuten ETArekin lotura dutela, eta hurrengo saioetan hainbat lekukok deklarazio hori berretsi zuten, tartean Txelis-ek berak eta Iñaki Zabaleta EHUko katedradun eta kazetako sustatzaileetako batek.
Egunkaria 2003ko otsailaren 20an itxi zuen Guardia Zibilak, Juan del Olmo Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz.