Itxi

Politika

ETAren kontrako operazioa

Desegindako taldeak ia 40 kilo lehergai gordetzen zituen

Erredakzioa

Aurkitutako hiru ezkutalekuak Ondarroako basoan dira, gertu bata bestearengatik. Operazioan atxilotutako lehen bost lagunak epailearen esku geratuko dira gaur.

Ertzaintzak aste honetan desegindako ETAko taldeak ia 40 kilo lehergai gordetzen zituen hiru ezkutalekutan, eta baita lehergailuak egiteko beharrezko diren osagai guztiak ere, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez.

Azken orduetan bi ezkutaleku berri aurkitu ditu Ertzaintzak, ostegunean beste bat topatu ostean. Horrela, taldearen armategia desegintzat jo daitekeela jakinarazi du Sailak. Operazioan atxilotutako lehen bost lagunak Auzitegi Nazionalaren esku geratuko dira gaur.

Hiru ezkutalekuak basoan ziren, Ondarroatik (Bizkaia) hurbil, gertu bata bestearengatik. Egunean zehar lehergailuak egiteko osagai ugari, detonagailuak, tenporizadoreak eta ia 40 kilo lehergai atera ditu Ertzaintzak ezkutalekuetatik.

Era berean, zenbait osagai elektroniko eta ontziak atera dituzte. Azken horiek lehergailuak egiteko oinarrizko osagaiak, lapa-bonbak bereziki.

Bestalde, Asier Badiola, Xeber Uribe, Ibon Iparagirre, Javier Zubizarreta eta Jon Iñaki Esnaola operazioan, iragan astearte goizaldean, atxilotutako lehen bost lagunak Auzitegi Nazionalaren esku geratuko dira gaur.

Taldea, deseginda

Izan ere, iragan astearte goizaldean hasi zen Ertzaintzaren operazioa. Orduan Bizkaia eta Gipuzkoa arteko mugan diren herrietan ustezko bost ETAkide atxilotu zituzten. 2008ko irailean Ertzaintzaren Ondarroako polizia-etxearen kontrako erasoan parte hartu zutela uste dute. Bonba-auto bat 100 kilo lehergairekin jarri zuten polizi-etxearen aurka eraso egiteko. Horrez gain, errepikagailu batean beste lehergailu bat zartarazi eta AHTren obren aurkako zenbait ekintzetan parte hartu zutela uste du Ertzaintzak.

Operazioaren lehen egunean Ertzaintzak zortzi etxebizitza miatu zituen. Bertan agiriez eta material informatikoaz gain, pentrita, detonagailuak eta tenporizadoreak aurkitu zituzten.

Gainera, bi arma labur eta ehun kartutxo baino gehiago atzeman zituzten. Horrez gain, droga, konkretuki marihuana eta kokaina, aurkitu zituzten, eta baita baskulak eta droga mozteko substantziak ere.

Zunbeltz Bedialauneta eta Urtza Alkorta taldeko ustezko beste bi kide ostegunean atxilotu zituzten, lehen ezkutalekua Ondarroatik gertu agertu zen egunean. Bertan aluminio nitratoa eta hautsa, lehergaia, nitrometanoa eta detonagailuak aurkitu zituzten, guztiak amonitola osatzeko osagaiak, ETAk erabili ohi duen lehergai bortitza.

Ostiralean beste bi ezkutaleku aurkitu dituzte, ia 40 kilo lehergairekin. Honenbestez, taldearen armategia desegintzat jo du Herrizaingo Sailak.