Itxi

Mundua

Ikerketa Batzordea

Tony Blair ez da Irak inbaditzeaz damutzen

Erredakzioa

2001eko irailaren 11ko atentatuen ostean, Sadam Huseinen armen programa berrantolatzeak ekar zezakeen arriskua ekidin behar zuela esan du Britainia Handiko lehen ministro ohiak

Sadam Husein Irakeko presidentea boteretik kentzeko gerra baimendu zuenean erabaki egokia hartu zuela errepikatu du gaur Tony Blair Britainia Handiko lehen ministro ohiak, nahiz eta suntsipen handiko armarik sekula ez agertu.

Irakeko gerra (2003) ikertzen ari den batzordearen aurrean deklaratu du Blairrek, Londresen. 2001eko irailaren 11n AEBen kontra egindako atentatuen ostean, Huseinen armen programa berrantolatzeak ekar zezakeen arriskua ekidin behar zuela esan du

Britainia Handiko gobernuburuak balio-judizio baten ostean erabaki bat hartu behar zuela erantsi du.

"Nik hartutako erabakia berriz hartuko nuke, suntsipen handiko armak garatzeko kapaz baldin bazen, geldiarazi behar genuen. Hura izan zen nire ikuspuntua orduan eta orain", adierazi du Blairrek.

Irakeko inbasioa babestera eraman zuten arrazoiak azaldu ditu agintariak eta Ekialde Hurbileko ezegonkortasunak Iranen duela oinarri gaineratu du.

Horrela, Blairrek 2003ko esku-hartze militarra justifikatu du. Sadam Hussein Irakeko lehendakari ohiak suposatzen zuen "arriskua" 2001eko irailaren 11ko Ameriketako Estatu Batuen aurkako eraso terroristez geroztik aldatu zela, esan du.

Irailaren 11

Buru laborista ohiak azaldu duenez, irailaren 11 baino lehen, zigorrak oinarri zituen "euspen-politika" bati jarraituz, Hussein kontrolpean izan zitekeela uste zuen. Baina "buruberokeria erlijiotsuaz gidatutako horiek 30.000 hiltzeko aukera izanez gero, egingo lukete, orduan kontu horretan arriskuak ekidin behar zirela ondorioztatu nuen", baieztatu du.

Horrez gain, George W. Bush Ameriketako Estatu Batuetako presidente ohia errugabetu du jarrera hori "berea" eta "britaniarra" eta ez AEBtakoa izan zela azpimarratu duenean.