Itxi

Politika

Agerraldia

Patxi Lopez: "ETAren aurka ezin da gobernua eta oposizioa egon"

Erredakzioa

Bere ustez, alderdiek "batasuna" erakutsi behar dute terrorismoaren aurka. Ertzaintzak "betidanik" egindako lana goraipatu du.

Patxi Lopez lehendakariaren ustez, ETAren aurkako borrokan ezin da "gobernua eta oposizioa" egon, "batasun demokratikoa" baizik. Zentzu honetan, Ertzaintzak "terrorismoaren aurka, betidanik izan duen konpromezua" goraipatu du.

Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorra egindako adierazpenetan, "gardentasuna" erakusteko agerraldia egitea erabaki duela esan du, eta kritiken beldur ez delako.

Diputazio iraunkorrean EAJren eta Aralaren eskariz, urtarrilaren 14an Jaurlaritzako sailburu eta goi-karguen aurrean aurkeztu zuen programaren berri emateko.

Bere esanetan, euskal hiritarren artean "hitzarmen sozial berria" lortu behar da, "aske bizi nahi eta herria elkarrekin eraiki nahi duten pertsonen arteko akordioa".

ETAk berean jarraitu bitartean euskal herritarrentzat ez dela askatasunik egongo nabarmendu du Lopezek. Ondoren, Ertzaintza zoriondu du, asken egunetan egindako atxiloketak direla eta.

"Herritar askeak eta herri jasangarria eta lehiakorra" eraikitzea nahi du Patxi Lopezek. Horretarako, "ez da beharrezkoa nortasun ereduak aurrez aurre jartzea".

Eusko Legebiltzarra "alboratzen" saiatu izana ukatu du Lopezek. Joan den ekainean Jaurlaritzako sailburu eta goi-karguekin bildu zela gogoratu du; izan ere, zortzi hilabeteetan bere kudeaketa proiektuaren berri ez ematea egotzi diote.

Euskal Autonomia Erkidegoan "euskal nortasuna eta espainiar nortasuna baldintza berdinetan" dauden galdetu dio Joseba Egibarrek (EAJ) lehendakariari. Bi nortasun hauek elkar bizi daitezen garantia sistema martxan jarriko duen ere galdetu dio, Lopezen hitzak entzun ondoren.

Aintzane Ezenarro Aralarreko bozeramaileak Lopezek iragarritako ''hitzarmen soziala'' zer den zehazteko eskatu dio lehendakariari.

Jesús Mari Larrazabal EAko ordezkariaren esanetan, Lopezek "beste aukera on bat galdu du ekimen zehatzak dituela erakusteko, eta ez edukirik gabeko hitzaldiak".