kultura
133 milioiko inbertsioa
Urdaibaiko Guggenheimaren egingarritasuna "bermatu" dute ikerketek
Erredakzioa
Azpiegitura berriak 5.491 metro koadro izango lituzke eta lanek 3 edo 4 urte iraungo lukete. Eusko jaurlaritza Urdaibaiko Guggenheima finantzatzearen aurka agertu da.
Iragan asteburuan, Foru gobernuaren eta Exekutibo autonomoko bozeramaileek proiektu arkitektonikoarekiko desadostasunak argi utzi zituzten. Blanca Urgell Kultura sailburuak azpimarratu zuen Jaurlaritzak ez duela "zalantzak" sortarazten dizkion proiektu bati dirurik bideratuko. Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputatuak, aldiz, "beharrezkoa bada, Aldundiak bakarrik aurrera jarraituko" duela baieztatu zuen.
Horren harira, Josune Ariztondo Kulturako diputatuak Bizkaiko Foru aldundiak agindutako hamabi bideragarritasun-azterketen emaitzak aurkeztu ditu gaur Batzar Nagusietan. Urdaibai Biosfera Erreserban Guggenheim Museoaren handitze lanen "bideragarritasuna bermatu" dute dokumentuok, eta 133 milioi euroko "gutxi gorabeherako" inbertsioa aurreikusi dute.
Ariztondok azaldu duenez, 3 edo 4 urte iraungo duen eraikuntza fasean aurreikusi dute 384,1 milioi euroko inpaktu ekonomikoa, 3.536 lanpostuen sorrera eta Ogasunek 73,3 milioi biltzea.
Guggenheim Museoaren handitzeak 7.786 metro koadroko azalera eraikia eta 5.491 metro koadro erabilgarri beharko dituela zehaztu dute Gobernu aldundiaren azterketek.
Funtzionamendu faseari dagokionez, 6,8 milioiko aurrekontua, 78,1 milioi euroko inpaktua, 847 lanpostuen sorrera eta 17,3 milioi euroko diru-bilketa aurreikusi dituzte.
Guggenheimaren diseinua hautatzeko nazioarteko lehiaketa bat deituko du Aldundiak 2010eko lehen hiruhilabetekoan. "Ingurugiroarekiko errespetua eta kontserbazioa" eta "bere eraikuntzaren eta mantentze-lanetako jasangarritasuna" aintzat hartuko dituzte.