Politika
Auzitegi Nazionala
Otegi eta Rafa Diez auzipetuta, ETAren agindupean jardutea egotzita
Erredakzioa
2011ko hauteskundeetan parte hartu ahal izateko 'Bateragune' egitasmoa bultzatzea leporatzen die. Ezker abertzaleko beste sei kide ere auzipetu ditu. Guztiak 2009ko urrian atxilotu zituzten.
Arnaldo Otegi, Rafa Diez Usabiaga eta ezker abertzaleko beste sei kide auzipetu ditu Baltasar Garzon epaileak, ''Bateragune'' egitasmoa bultzatzeagatik erakunde terroristako kidea izatea leporatuta. Proiektu politiko horren bidez 2011ko udal eta foru hauteskundeetan parte hartu nahi zutela dio Garzonek.
Gainerako auzipetuak Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta, Sonia Jacinto, Amaia Esnal, Jose Luis Moreno eta Jose Manuel Serra dira. Rufino Etxeberria, berriz, ez dute inputatu. Guztiak 2009ko urriaren 13an atxilotu zituzten.
Garzonen arabera, "subiranotasunaren aldeko estrategia bultzatzeko bloke bat" eratu nahi izatea egozten zortziei, ETAren "estrategia politiko-militarrari" forma emateko. Erreferentzia politiko berri horren eratzea 2010eko udaberrian burutu behar zutela eransten du.
Autoan dioenez, ikerketan bildutako datuen arabera, proiektu hori "hasieratik amaierara ETAk zuzenduta" zegoen eta atxiloketak egin zirenean gauzatzear zegoen.
"Botoak eta bonbak uztartu behar zituen estrategia bat" garatzea, leporatzen die Garzonek auzipetuei. Estrategia horrek "borroka armatuaren etenaldiak" aurreikusten zituela aipatzen du.
Garzonek ebazpenak dio behin behineko su-eten horien helburua "alderdien arteko elkarrizketak eta agente politiko independentisten arteko hurbiltzea erraztea" izango lirateke.