Ekonomia
Kutxen bat-egitea
BBK-k Rojori: krisiari aurre egin behar zaio eta bat-egiteak utzi
Erredakzioa
Bilbao Bizkaia Kutxak horrela erantzun dio Vital Kutxaren proposamenari. Gregorio Rojok euskal kutxak bat-egiteko premia azpimarratu du. BBKrekin bat agertu da Kutxa ere.
Aurrezki kutxa bizkaitarreko iturriek horrelaxe erantzun diote Gregorio Rojo Vital Kutxaren presidenteak euskal hedabideetan argitaratu duen iritzi artikuluari. Rojok euskal kutxen arteko bat-egitearen aldeko iritzia agertu du gaur.
Vital Kutxaren presidenteak egungo finantza krisia eta aurrezki kutxen sektorean ematen ari diren bat-egite prozesuengatik arrazoitu du bere iritzia.
BBKren iturriek gogorarazi dutenez, aurrezki kutxak Mario Fernandez presidenteak dagoeneko agertu duen iritzia berretsi besterik ez du egin. Izan ere, 2010ean krisiari aurre egitera bideratu nahi dituzte indarrak eta bat-egiteak 2011rako utzi, orain arte egin diren bi ahaleginek porrot egin dute eta.
Kutxak ere krisia gainditzeko planari eutsiko diola nabarmendu du. Horrez gain, une honetan Kutxen bat egitea lortzeko prozesua hasteko momentua ez dela azpimarratu du Gipuzkoako kutxak.